argia.eus
INPRIMATU
Frenesi hutsa
Montserrat Auzmendi del Solar 2019ko apirilaren 30
"Notre-Dame de Paris". Balletto di Siena. Victoria Eugenia Antzokia. Apirilaren 13a.

Ikuskizun zirraragarria disfrutatu genuen Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Ez zen espero genuena, askoz gehiago eta askoz hobea baizik.

Dantza espektakulu batera gerturatzen garenean bi aukera ditugu buruan: dantza guztiz klasikoa, Petipa edo Fokine koreografoen lanen tankerakoa, edo dantza garaikidea, Maurice Béjart edo Blanca Li dantzariek ordezkatzen dutena. Kasu honetan, ez bata, ez bestea. Dantza fresko eta ulergarria izan genuen taula-gainean. Marco Batti koreografoaren kezka ez da izan bakarrik mugimenduen  perfekzioa, zerbait gehiagoren bila ibili da: narrazio on eta logikoa eraikitzea, alde batetik, eta bestetik, ikusleek istorio horren aurrean larritasun bizia sentitzea. Eta hori guztia lortu egin du.

Balletto di Sienna-k egindako Notre Dame de Paris, Victor Hugoren eleberri ezagunean inspiratua, ballet garaikidea da, noski, baina mise en scène naturalari esker, muntaia kontzeptualetatik urrundu egiten da, zerbait eskuragarria eskainiz. Pertsonaien nahiak eta izaerak modu argiz agertzen dira, akzioak badu film mutuetako adierazkortasun naïf hori eta balleteko numeroak atsedenik gabe kateatzen dira estutasun-giroa lortuz.

Riccardo Joshua Moretti konpositorearen musika kementsu eta asaldatzaileak garrantzi handia izan zuen efektu guzti honetan. Gaur egun, Parmako kontserbatorioko irakaslea den Moretti maisuak filmetako soinu-banda ugari konposatu ditu eta oso nabaria izan zen espektakulu honetan musikaren kutsu zinematografikoa.

Bestalde, aparteko bakarlariak izan genituen. Koh Yoshitakek Quasimodo hunkigarria egin zuen. Koreografia zaila zuen Yoshitakek baina indar eta aldi berean fintasunez bete zuen bere papera. Eleonora Satta bikain aritu zen Esmeraldaren rolean. Adierazkortasunez eta doitasunez interpretatu zuen protagonistaren papera. Baina agian dantzari eta interprete onena Giuseppe Giacalone izan zen, Frollo artxidiakono boteretsu eta manipulatzailearen rolean. Dantzari fin eta perfektua izateaz gain, kutsu perbertso interesgarri bat eman zion pertsonaiari.

Horri guztiari gehitu behar dizkiogu argi-diseinu egoki bat eta eszenografia soil baina efektuduna. Ederra, bene-benetan.