argia.eus
INPRIMATU
Ikasketak, emantzipazioa eta enplegu prekarioa
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 0000ko ren 00a

Urtez urte beheranzko joera darama ikasketen uzte goiztiarraren tasak. Kalifikazio maila zehazten ez den arren, esan liteke egungo gazteek euren gurasoek baino hezkuntza eta jakintza gehiago eskuratzen dutela. Krisia lehertu zenetik are zurrunagoa izan da beherakada. Egun, gazteen %55ak ditu goi mailako ikasketak, eta %8k baino ez oinarri-oinarrizkoak.

Ikasketak amaitu orduko lanean hastea gero eta ezohikoagoa da. Nola da posible inoizko belaunaldi kalifikatuenek lan merkatura jauzi egiteko zailtasunak izatea? Arazoaren larritasunaz mintzatu zen Sara De la Rica EHUko doktorea 2016an Berria-ri eskainitako elkarrizketan: “Ez da posible gazteen lan ibilbidea 25 urterekin hastea”. Itxaropentsu agertu zen, baina, urtebete lehenagoko datuak eskuartean zituela: “Argi ikusten da atzeraldi zikloa amaitu dela, eta bide ematen dio hazkundeari; enplegua sortuko da”.

Gazteen langabeziak beherantz egin du; %19 inguru da egun. Baina zer nolako enplegua sortu da? Emantzipatzeko behar bestekoa ez, antza. Hor dago arazoa: soldataren erdia baino gehiago etxebizitzara bideratu beharra. Arazoari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak aurten jarri du indarrean emantzipatzen laguntzeko proiektua: gehien jota 250 euroko diru laguntzak emango ditu.