argia.eus
INPRIMATU
Asuna jantzi
Jakoba Errekondo 2019ko apirilaren 21
www.modeintextile.fr

Gero eta gehiago begiratzen diogu gure bizimoduak ingurumenean sortzen duen arrastoari. Eskerrak! Gaur bertan jakin dut munduan erabiltzen den pestiziden ia heren bat kotoia (Gossypium spp) ekoiztera bideratzen dela. Kotoia? Nola leike!

Egungo kotoiaren erabilera nagusia arropa da. Arroparekin ikaragarrizko jana egiten dugu. Merke-zurrean erosi eta hiru aldiz jantzi ondoren berriago bat janzteko hura baztertu. Gakoa ez da berria jantzi beharra. Gakoa eskuera duguna merke-zurrean saltzen dela baizik. Prezioak ahalbideratzen du kotoizko arropak baliorik ez izatea. Kotoia bera ezer gutxi da, eta eskulana esklaboa.

Arroparen industria batzuk aspaldi jabetuak dira balioaren garrantziaz. Kalamuaren (Cannabis sativa subsp sativa) zuntza aspaldiko ezaguna da ehungintzan, eta gero eta indar handiagoa hartzen ari da bere langintza.

Beste batzuek birziklatutako plastikozko botilak erabiltzen dituzte ehuna sortu eta arropa egiteko. Plastikozko jantziak. Horiek beste sagardotegi bateko upela dira. Baina merezi dute azterketa sakonxeago bat. Izan ere, gaur egun itxura jakin bat eman nahi duenak (mendizale, kirolari...) plastikozko janztura behar du soinean. Arropa hori garbitzen den bakoitzean askatzen duen plastikoak ikaragarrizko kutsadura sortzen omen du uretan. Baina horiek ez dira landareak...

Austrian pagoaren (Fagus sylvatica) zuntzarekin sortzen dute arropagintzarako ehuna. Urteak daramatzate langintza horretan eta itxura guztien arabera etorkizun latza du. Gero eta gero ikusten da. Soinean daramazun galtzontziloa balio duena ordaindu baduzu, agian pago ehunez egina da.

Plastikozko mendiko galtza daraman jende askok lehen kotoizko blue-jeana zeraman. Bada, ingurumena zaintze aldera, badator asun ehunez (Urtica dioica) egindako jeana. Frantziako Velcorex-Matières enpresak sortu du, eta asun ekoizle bila dabil. Gure lur hezeetan erraz etortzen da, eta ez du pestizidarik behar, saiatu beharko. Jantzi eta probatzeko adinako batzuk egin dituzte. Lasai, ez dizu izterra erresuminduko...

Irudia: Maitane Gartziandia.