Lanean gertatzen diren istripuak ez dira beti izaten kapitala, patronala edo administrazioen erantzukizun soila. Langileok ere batzuetan badugu ardurarik, bai enpresa batzordeek eta baita sindikatuek ere. Dela segurtasun arauak betetzen ote diren ez begiratzeagatik, dela lankideei bete ditzatela ez eskatzeagatik, edo patronalaren erabakiak ez eragozteagatik, atzeraezinak diren heriotzak gertatu edo laneko gaixotasunak sortzen dira.
Aurten jadanik gutxienez 13 lagun hil dira euren lanpostuan Hego Euskal Herrian. Lerro hauek idazterakoan, azken kasua apirilaren 7an gertatu da: Ibaizabal 8 atoiontziko makineria burua hil zen lanean ari zela. Enpresak erabaki zuen 24 orduko guardia eta 72 orduko atsedenaldia izatetik, langileek bi egun osorik lan egin eta beste lau atseden hartzea, urtean 624 ordu gehiago eginez. Hildako langilea apirilaren 6an sartu zen lanera, goizeko bederatzietan, eta apirilaren 8an, astelehenarekin atera beharko luke atoiontzitik. Baina igandean hil zen, gaueko hamarrak inguruan, jadanik 37 ordu jarraian lan egin eta gero.
Humanoa al da 48 ordu segidan lan egiteko sistema hori? LAB sindikatuak dio “kontaezina” dela zenbat aldiz salatu duen. Baina ez dirudi nahikoa izan denik. Zergatik ez du salaketa gogortu eta beste ekintza irmoago batzuk deitu, paroak edo greba kasu, beste batzuetan egin izan den bezala? Egoera atzeratu edo zimeltzen utzi eta orain atsekabea adierazi?
Ohituta gaude lan istripuak gertatzen direnean langileen eta sindikatuen mobilizazio eta manifestazioak ikustera. Hobe litzateke aurretik heriotza horiek saihestuko bagenitu. Eta batzuetan posible izaten da, patronalen erabaki ankerrak eragotziz, 48 ordu jarraian lan eginaraztea bezalakoak.