argia.eus
INPRIMATU
Zuriketa moreari talka
Haizea Nuñez Palacio @haizea_nunez 2019ko apirilaren 10

2018ko otsailaren 2an kazkabarra gogor jotzen ari zen Donostiako kaleetan. Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8ko greba feministaren deialdia egiteko agerraldi publikoa abian. Garai bateko Tabakalerako zigarrogileen borrokari aitortza zen hura: dozenaka emakumek*, hedabideak lekuko, espazio publikoa okupatu genuen eta, berehala, algara oztopatzeko nahian, kultura garaikideen nazioarteko zentroko segurtasunekoak eta arduradun batzuk hurbildu ziren baimenik gabeko plaza hartze hura onartezina zelakoan. Ez zuten lortu, ordea, indar kolektibo hori gelditzen, ezta ahots propioarekin esateko genuena isiltzen ere. Gure genealogia feministen leku estrategiko batetik, autoestimu kolektiborako ekintza gozagarrian, zaintza lanetan, enpleguan, ikasle eremuan zein kontsumoan greba egingo genuela adierazi genuen. Iaz, planto eta historia egin genuen.

2019ko urtarrilaren 16an negua udaberritu zitzaigun eta, kontraesanak kontraesan, Gasteizko Talka gune feministaren atarian eguzkiak elurrari aurrea hartuta ziola elkarri besarkatuta ospatu genuen. Hitzez hitz, heteropatriarkatu kapitalistari planto egingo geniola publikoki aipatzera gindoazen eta zapaltzen gaituen sistematik etekina ateratzen jarraitu nahi dutenak orduantxe ageri ziren. Prentsakoak bertaratu aitzin, Gasteizko Udaltzainaren konplizitatearekin, Iberdrolak argindarra moztu zion emakume*, bollera eta transen konplizitateak bi hilabete lehenago eta erabilera komunitariorako askatutako espazio feministari.

Geroztik eta greba feminista egunera arte, puntu more gehien lortzeko norgehiagoka aritu dira ordezkari politiko eta patronalekoak. Pribilegioekin amaitzeko eta zapalkuntza guztietatik askatzeko bidea jorratzeko egin ditugun exijentzia politiko, sozial eta ekonomikoei erantzun gabe, intimitatean gure programari muzin eginez eta errepresio dosiak selektiboki aginduz: talkaren desalojoa, atxiloketak, borra kolpeak, portaletan sartzeak eta hirurogei identifikaziotik gora.

Aurten hogeita zortzi neurri lortzeko helburuarekin egin genuen greba feminista. Feministok badakigu nondik gatozen eta nora goazen. Datozen hilabeteetan gure papera jokatzera ausartuko gara: zuriketa moreari talkaz, bizitzak erdigunean jartzeko baldintza materialak erdietsiz, eskuinaren oldarraldiaren aurrean autodefentsa feminista antolatuz, behetik gorako herri eraikuntzaz, eta, aurreko guztia egiten ez badugu alperrik izango dela jakinda, arduraz bozkatuz.