argia.eus
INPRIMATU
“Trinitate santua”-k ez du misteriorik
Fermin Erbiti 2019ko apirilaren 03a

Javier Esparzak nafar eskuindarrak zerrenda bakarrean bildu izana apustu ausarta eta argia iruditzen zait. Hirurak bat-en alde egin du, jokaldia borobilduko lukeen azken mugimendua amets, alegia, Vox-ek zerrendarik ez aurkeztea. UPNkoak batasunaren berri eman zuenetik, kritika anitz jaso ditu. Nondik? Aurkari politikoengandik, abertzaleengandik batez ere. Eskuindarrentzat apustu ona den seinale.

Bada zerrenda bakarraren ondorioz UPNn arrakala iragarri duenik, foruen aurka dagoen Ciudadanosekin tratua egiteagatik. Begi-bistakoa da: hark ez du (nafar) eskuina ezagutzen. Eskuindarrak oso pragmatikoak izanik, ez dira ñabarduretan galtzen. Dena huskeria bihur daiteke, baita foruen aurkako erasoak ere, helburua ona bada: abertzaleak Diputazioaren jauregitik bidali eta betikoak itzul daitezela. Horretarako badakite botorik ez galtzea ezinbestekoa dela. Trinitate santua-k ez du beste misteriorik.

Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerrak eutsiko diotela ematen du. Arazoa da mahaiko beste hanka errenka dabilela, gainbehera orokorrarengatik eta Nafarroan Perezek-eta eskaini diguten ikuskizun lotsagarriarengatik. Ahal dugu Ezin dugu bihurtu da

Laukoak zein UPNk oso gogoan daukate duela lau urtekoa: Ciudadanos %3ko marratik behera gelditzea erabakigarria izan zen Uxue Barkosen gobernua osatzeko. Berrehun bat botori esker heldu zen aldaketa. Biak ala biak beste zerbaitetan ere ados daude: lau urteko parentesia gozagarri izan daiteke batzuentzat, mingarri besteentzat. Edonola ere, laburregia da benetako aldaketa egiteko. Kontua da boteretik kanpoko bigarren legegintzaldia oso kolpe gogorra litzatekeela erregionalistentzat. Estrategia aldatuko luketen ez dakit. Liderra, dudarik gabe.

Argi esan dezagun: 2019ko maiatzean nekez errepikatuko da duela lau urteko gehiengoa. Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerrak eutsiko diotela ematen du. Barkosen koalizioak gora ere egin dezake, zentraltasunean kokatuz, abertzale ez direnen botoak ere erakarriz. Arazoa da mahaiko beste hanka errenka dabilela, gainbehera orokorrarengatik eta Nafarroan Laura Perezek-eta eskaini diguten ikuskizun lotsagarriarengatik. Duela lau urteko Ahal dugu, Ezin dugu bihurtu da.

Podemosen jaitsierak eta Madriletik datorren aldeko haizeak sozialistak putzutik atera ditzakete. Putzutik, agian, gobernuaren giltza izatera, nahiz eta laugarren postuan gelditu. Eta orduan, zer? Eskuindarren makulu, berriro ere? Geroa Bai eta Podemosekin (EH Bilduren baimenarekin) Gobernua osatu, agian? Lehendakaritza lortzen saiatu, besteei botoa eskatuz? Beti bezala, nafar sozialisten egoitza nagusian hartuko da erabakia: Madrilgo Ferraz karrikan.