argia.eus
INPRIMATU
Guk kalderero eguna, ijitoek PNVero eguna
Ahoztar Zelaieta @Ahoztar1972 2019ko apirilaren 03a

Kalderero eguna zela eta, lagun ijito bati proposatu nion PNVero eguna ospatu behar zutela. Euskal Herriko inauterietan Europa ekialdeko ijito pertza-konpontzaileak eta familiak irudikatzeko ohituren eta hartzarena egiten duen pertsonaiaren berri eman ondoren, bere harridura azaldu zidan. Herri batzuetan Hungrino bezala ezagutzen dira.

XV. mendean ongi etorriak izan ziren ijitoak, baina XVI. mendetik aurrera beraien aurkako jazarpen herritarra eta instituzionala hasi zen. Salbuespenak ematen dira ijitoek baldintza batzuk  betetzen badituzte: euren nortasuna alde batera uztea, elkarrekiko probetxu nabaria bermatua izatea ijito eta euskal herritarren artean, erromintxelaz hitzegitea, errotuta izatea…

Ijitoak lagun eta auzokide izan ditut auzo ezberdinetan, Bilbo Zaharrean, Santutxuko Prim eta Ollerietako kaleetan eta Zorrotzan esaterako. Bilbo Zaharreko Herriko Tabernan ijitoen seme-alaba txiroenei merienda egiteko aukera ematen zitzaien. Elkartasuna zen irizpidea, ez benefizentzia edo paternalismoa. Nire aititaren anaia, Gregorio, trukean ibiltzen zen beraiekin Galdakaoko Bengoetxe auzoan.

Integrazio sozialaz ahoa betetzen dute askotan vasquitoek baina ezberdinen arteko elkarrekintzak guztiz estereotipatuta eta topikoz beteta daude. Kasurako, Gure Esku Dagok antolatutako ekitaldi batean, non eta San Mames futbol zelaian, ijito batzuek Hegoak ebaki banizkio abestu zuten. Musika folklorikoarekin abestu zuten. Abertzaleentzat imajina ezina zen ijitoen rap talde bati gonbita luzatzea. Ijitoak ez dira guk nahi duguna, edo guri komeni zaiguna. Direna direlako dira ijito. Musulmanekin eta beltzekin gauza bera gertatzen da, kuskusa prestatzera gonbidatzen ditugu edo oinutsik dantzatzera, beraien aniztasuna eta elkarren arteko ezberdintasunak alde batera uzten ditugula.

Gränser Utan, en film om idrott ocj integration, 2005. urtean argitaratutako dokumentalean, Osama Krayem agertzen da. Suediako integrazio sozialaren arrakastari buruzko lan bat da. Osamak 2016. urtean Bruselako atentatuetan parte hartu zuen. 1994. urtean, Joseph Skipper izeneko gazte beltzak, Rosa Parks famatuaren etxean sartu eta emakumea jipoitu ondoren, 53 dolar lapurtu zizkion.  

Astronauta izan nahi nuke askotan, Maisha MCk bezala. 121 Krew taldean aritu zen rapero eta NASAko langile honek, Eneko Axpek hain zuzen, hauxe aipatzen du “Ez egin kasurik” abestian: “Baina behin askatasuna lortuta, ikurrina, entzun, Enekok erreko du”.