argia.eus
INPRIMATU
Macronen bolborategia
  • Jaka Horien mobilizazio soziala Frantziako Estatu osoan zabaldu da, baita Ipar Euskal Herrian ere, eta Macronek gidaturiko gobernuaren politika hankaz gora ari da jartzen. Baina orain, arriskua dago herri sektore horiek mahairatu duten sakoneko problemari soilik errepresioz erantzuteko.

Juan Mari Arregi 2019ko martxoaren 27a

Jaka Horien matxinada azaroan lehertu zen. Protesta hasiera batean erregaien prezioaren igoeraren kontra zen, baina laster bildu zituen beste aldarrikapen batzuk: erosteko ahalmena hobetzea, zergak gutxitzea, Macronen dimisioa, sistema aldatzea... Frantziako presidenteak “nazio eztabaida handia” deitu zuen gauzak lasaitu nahian. Baina eztabaida amaitu eta biharamunean, martxoaren 16an, 10.000 jaka horidun Parisen manifestatu ziren eta “komertzioak, kioskoak eta erakusleihoak hausteko ekintza biolentoak” gertatu ziren.

“Talde biolento” horiek aitzakia hartuta, Macronen erantzuna izan da toki garrantzitsuenetan manifestazioak debekatzea, hala nola Parisko Eliseo Zelaian, Bordeleko Pey-Berland enparantzan eta Okzitaniako Tolosako Kapitolio plazan. Macronen arabera ekintza “kriminalak” dira eta gobernuak “indartsua” izan behar du horien aurrean. Kalearen jabe sentitzen du bere burua, eta errepresioaren bidea hautatu du matxinada sozialaren eragin globala eragozteko.

Gobernuko edozein presidentek bezala, Macronek ondo daki gatazka soziala konponduko dela aldarrikapenak asetzeko elkarrizketaren bidez. Kalearen jabe egitea, mobilizazioak gune nagusietatik at bidaltzea eta matxinadaren fokua jartzea “talde biolento” horiengan soluzioak atzeratuz, egoera larritu eta bolborategi bilakatzea da. Errepresioa ez da bidea.