argia.eus
INPRIMATU
GAIZKI ERRANKA
EAJren azentua
  • Wikipedian paratzen du ezkertiarra eta errepublikazalea dela, eta sozialismo demokratikoa defendatzen duela. Publico.es egunkari digitalaz ari naiz. Albisteak ez ezik, blogak ere badituena. Strambotic du izena horietarik batek. Joan den ortzilarean, egileak, Iñaki Berazalucek, “EAJren azenturik” ba ote da, bada? izeneko artikulutzarra egin zuen. Zorrotza eta irri-emangarria, izenburutik hasita. Zuk, irakurle, oraindik graziarik ez badiozu ikusi, hona euskaraz ekarri dudalako izan da. Begira en erdaras: “Existe el ‘acento del PNV’, pues?”. Pues hori ez al da irri ajataka hasteko modukoa? Serio oraindik? Igual ez duzu umorerik, ahí va la ostia.

Santi Leoné @ororostorm 2019ko martxoaren 27a

Teorian politikari jeltzale erdaldun batzuen itxurakeria salatu nahi duen testua den arren –izan baden itxurakeria: gogoan dut ETB2ko tertuliakide bat Azkuna zena goraipatzen, honek debalde erraten zuelako–, akaberan euskara bera alferrikako hizkuntza gisa aurkezten zaigu, eta haren erabilera hipokriten konspirazio erraldoi baten ondorio lotsagarria.

Blogeroak nori galdegin dion, horrek ere badu munta: bertzeak bertze, Eduardo Laporteri eta Javier Ancini. Navarra.comeko kolaboratzaileak, biak. Euskara batua, asmakizun bat, argitzen digu Laportek; euskara, oro har, iraganeko exotismo hutsa, Ancinek. EAJren azentua aski ez, eta, jakina, Batasunaren azentua ere aipatu dute. Hor ere, itxurakeria nagusi. Beren artean, erdaraz egiten dute, lau esaldi kenduta. Ni neroni, erran beharrik ez da, erdaratik ari naiz itzultzen zutabe hau, neke handiz.

EAJren azentua: Bilboko politikari batzuen jarrera inkoherentea salatzeko-edo, panfleto eskuindar bateko bi zutabegileri nafar unionismo zaharminduenaren topikoak errepikatzeko aukera eman die ezkertiarra omen den Públicok.

Irakurle, Espainian baino hobeki, non egonen gara?