Eragile sozialen eta langile mugimenduaren historia, hala nola herriena eta jendarte osoarena, eztabaidaezina da, hemen eta mundu osoan: presioaren bidez soilik lortu dira eskubide sozial eta politikoak. Hau da, greba, elkarretaratze, manifestazio eta okupazioen bidez lortu dira, baita zenbaitetan borroka armatua tartean zela ere. Kasu horietan, pultsu politiko eta soziala mantendu da sistema kapitalista, patriarkal eta matxistaren aurrean. Honek etekinak baizik ez ditu nahi eta aldian aldiko gobernuak ditu lagun.
Orain mende bat, 65 urteko Langileen Derrigorrezko Erretreta lortu zen; geroago zortzi orduko laneguna eta amatasunagatiko baja; Bizkaiko Meatzaldean etxebizitza duinak eskuratu zituzten eta erosketak ugazabek ezarritako kantinetatik kanpo egin ahal izatea; emakumeek botoa emateko eskubidea irabazi zuten… Gaur, pentsiodunak borrokan ari dira 1.080 euroko gutxieneko pentsio duinaren alde eta automatikoki eguneratua izan dadin. Jubilatzeko urtea murriztu dadila ere eskatzen dute. Emakumeek, bestalde, berdintasunaren alde dihardute, soldata arrakalari kontra eginez. Helburu horiek lortzeko ez dago etengabeko mobilizazioa beste biderik, pultsu soziala mantentzea.
Testuinguru horretan, salagarria da gobernuen hipokresia, Urkullurenetik hasita. Martxoaren 8an Eusko Legebiltzarrean paratu ziren paparrean txapa moreak zituztela, baina beraiek izan ziren aurrekontuen negoziazioan pobrezia-mugaren azpitik dauden pentsioak osatzeari uko egin ziotenak. Salaketa hori zabal dezakegu euren esku erreforma sozialak egiteko erabakimena duten beste gobernu eta politikariengan. Ez dituzte egiten. Ondorioz, pultsu soziala mantentzeak beharrezkoa izaten jarraitzen du.