Gipuzkoako herririk txikienetakoa da Orexa, bere 122 biztanleekin. Azken hilabeteetan, baina, errekonozimendu eta sari ezberdinak jaso dituzte bertako herritar, elkarte eta erakundeek landa inguruko herri bizitzari eusten dieten eta hura sustatzen duten proiektuak medio: Oihan Txiki kooperatibak World Cheese Awardsen urrezko domina lortu zuen abenduan, eta urtarrilean berriz, Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteek ‘Orexa Bizirik’ proiektuari eman diote Landaola saria. Urteetan herria bizirik mantentzeko egin duten lanari aitortza izan da azken sari hori.
Iker Karrera Tolomendiko kideak Tolosaldeko Ataria irratian azaldu zuenez, erakunde publikoen ataleko Landaola saria ‘Orexa Bizirik’ proiektuari ematea erabaki zuten herri bezela urteetan egiten ari diren ahalegina azpimarratzeko. “Urtero-urtero eta legealdiz legealdi, proiektu batekin edo bestearekin herri bizia izateko saiakera horretan jarraitzen dute tinko”, zioen. Herri txikia izanik, denek batera egiten duten lana azpimarratzen zuen Karrerak. Belaunaldi ezberdinen arteko elkarlanetik eta herritarren ahalegin kolektibotik sortu da proiektua, haren hitzetan.
Oihan Txiki kooperatibaren egitasmoa, etxebizitza garapenarena, herrian oinarrizko azpiegiturak bermatzeko apustua… Orexa biziberritzeko abiatu dituzten ekimenak bost alor ezberdinetan banatzen dituzte: ingurumena, energia, komunikazioa, eta herritarren arteko soka lana egiten duten kooperatiba eta ostatua. Azken lorpena izan da ostatua berriz irekitzea. “Abenduan egin du ostatuak urtebete irekita. Saiatu gara horri ere beste buelta bat ematen: ez da soilik ostalaritzari eskainitako leku bat, herritarron biltoki eta gurera hurbiltzen direnentzako harrera gune ere bada”, zioen Eneko Maioz alkateak Euskadi Irratiko Landaberri saioan. Bestalde, Ostatua bertako produktuen erreferente gune izatea ere nahi dute
‘Orexa Bizirik’ bezala izendatua duela gutxi izan bada ere, Maioz alkateak azpimarratzen du proiektu horren hastapenak duela ia hogeita hamar urte eman zirela. “Orduan jada hasi ziren gazteak herrian gelditzeko zer egin ote zitekeen pentsatzen. Ikusi zuten garrantzitsua zela eragile ekonomikoa eta lanerako aukera sortzea, eta kooperatiba abiatu zen orduan”.
Hasiera hartan bezala, egungo proiektuan ere gazteak herrian geratzea eta herri bizia egitea dute erronka. “Udaletik argi dugu: Orexa Bizirik herri proiektua bezala izendatu dugu uste dugulako honek ezin duela Udalaren proiektu bat izan, herri guztiak partekatu behar duen proiektua behar duela izan”. Horixe izan da, Maiozen ustez, Landaola sariarekin saritu nahi izan dieten benetako balioa: orexarrak izatea urteotan abiatzen diren proiektuen bultzatzaile.