Iaztik jasotako azken sagarrak jaten ari gara etxean, Malus domestica. Sasoi betean daudenak azaloreak dira, Brassica oleracea var. botrytis. Lizarra, Fraxinus excelsior, hortxe dago, kieto, segurtantzan; egun luzeagoen zain loratzeko.
Gure atari aurrean lizar dotore bat bizi da. Ez da handia, baina lur tontor baten gainean dagoenez plantako azaltzen da. Azken urte hauetan, negua soildua igaro beharrean, adarrak apaingarriz jantzita izaten ditu. Apaingarri horiek urtetik urtera ugariagoak dira. Hasieran berdeak dira, gero gorri-marroiak eta atzenean belztu egiten dira. Orain neguan ikusgarriak dira. Aspaldi beraiei buruz idatzi behar nizuela pentsatua nuen, baina beti atzera, atzera... Baso berri bat landatzen ari den lagun batek piztu nau. Quercus robur haritz landare batean topatutako kuku-sagar baten argazkia bidali dit zer ote den galdezka. Nik zuzenean 2010eko martxoaren 7ko 2221. ARGIAn argitaratutako artikuluaren lotura bidali diot.
Lizarrarena haritzarenaren tankerakoa da. Honena akaro bat da, Aceria fraxinivora. Akaroak ttikiak dira, itxuraz begirik ez dute, eta lizarrari soilik erasotzen dio. Gehienetan lore ireki berriari, baina baita kimuei, hostoei, adartxoei... Akaro ikusiezinak izerdia zurrupatzen du, eta ondorioz zuhaitzak koskor bat sortzen du. Deformazio hori egurkara eta gogorra da. Bere itxura azalorearena da, Herbehereetan eta Frantzian azalore-sagarra esaten diote. Wikipedian oraindik izendatu gabe dagoela baliatuz, nik bi izen proposatuko nituzke: lizar-sagarra eta lizar-azalorea.
Azken beltzean lizarraren tumore bat da. Orain lurrera erortzen ari dira, akaroz josita, noski. Eta laster loreak irekitzen hasten denean, berriro erasoko diote. Agi danean, akaroak emeak dira, eta arrautzak ernaldu beharrik gabe ugaltzen dira, arraren beharrik ez dute. Zorri batzuk tankera bertsuan ugaltzen dira. Ugalketa eraginkorragoa da.
Gero eta gehiago ezagutzen ditugu horrelako tumore, hantura, lupu edo deformazioak. Zenbaitek espezializatzeko aukera ere aurkitu dute bide horretatik. Landare onkologia deitzen zaio.