Joseba Irazoki eta Lagunak taldearen disko berriak oihartzun handia sortu du, oso txalotua izaten ari da, eta ez da harritzekoa. Disko biribila baita, lan bikaina.
2014an kaleratu zuten lehen diskoaren jarraipen polita da, aurrerapausoa. Talde soinu trinkoa gauzatu dute, eta kantak aurreko diskoan baino landuago daudela sumatzen da. Melodia, erritmo eta zertzelada dotore ugari entzun daiteke. Halaber, Joseba kantari moduan ere finago aritu da, ahotsa pixka bat aldatu du, onerako.
Joseba Irazoki (ahotsa, gitarra eta kaoss pada), Felix Buff (bateria eta ahotsa), Ibai Gogortza (gitarra) eta Jaime Nieto (baxua) taldekideak musikari handiak dira, eta kanten bidez hegan egiten dute, aske. Jakin-min, irudimen, ausardia eta kemen handia baitute. Etorria, esperimentatzeko eta probatzeko gogoa, eta oso gustu ona. Diskoan dagoen rock eta psikodelia kutsuko kanta sorta ederra da horren guztiaren ispilua.
Kanten doinuak Irazokik eginak dira, Felix Buffek sortu duen Gezurrezko bizia kantarena izan ezik. Hitzak, berriz, Irazokik berak eta Xabier Gantzarainek, Beñardo Goietxek, Dani Irazokik, Mikel Tabernak eta Edu Zelaietak idatzi dituzte.
Kantetan askatasunaren aldeko aldarriak eta izateari eta bizi dugun egoerari buruzko gogoeta gordinak daude: “Libre izateko borrokalariak, zuek zarete gure gidariak” (Lucio eta Durutti), “Mundua buruan kabitzen zaizu, baina burua ez munduan, hegan egiten du, zerua bilatzen du” (Lehiakortasuna), “Kate haundien bazka pobreen plateran” (Gose naizelarik), “Arauak onartu beharra da zigorra, normaltasuna da zigorra, boterearen mezulari bihurtzea da zigorra” (Zigorra), “Gizakiak zapalduta mundu osoan, gizaki bihozgabeek zanpatuta, salbatuko dituenik nonbaitetik etorriko al da?” (Salbatzaileak).
Azkenik, taldeari lana burutzen lagundu diotenen parte-hartzea aipagarria da: Aida Torres (ahotsa), Ager Insunza (pedalsteela), Abraham Boba (teklatuak), Ruben Caballero (gitarra), Israel Marco (teklatuak), Johannes Buff (grabazioa, nahasketak eta ekoizpena), Iñigo Irazoki (grabazioa), Jonan Ordorika (masterra), Serafim De Sousa (ilustrazioak) eta Ramon Zabalegi (maketazioa).