argia.eus
INPRIMATU
“Film sendagaitzak”
  • Bilboko kaleetara zinea, antzerkia eta hamaika kultur jarduera eraman ditu Zinegoak jaialdiak. Horietako bat Asier Altunaren azken laburmetraia izan da: Han izanik hona naiz. Joseba Sarrionandiaren liburuaren izenburu bereko ipuin bat oinarri hartuta osatu du zuzendari bergararrak 5 minutuko lana. 12 zuzendarik abiatutako Gure oroitzapenak film kolektiboaren piezetako bat da. Filma bere osotasunean Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, eta labur bakoitzak bere ibilbidea hartu du ordutik aurrera.

Ainhoa GutiƩrrez del Pozo 2019ko martxoaren 21

Mamia: mutiko bat auzoko emakumearekin maiteminduta dago eta leihotik berari begira ari zaio gizon batekin larrua jotzen ari dela; emakumeak, umearen begiradaren jakitun, ez du leihorik ixten. Sarrionandiaren ipuinean, hogei urte geroago umea gizona da, eta bere emaztearekin larrutan ari dela leihoa zabalik uzteko eskatu dio; ilunpean, leihoaren beste aldean, mutikoaren begirada aztoratua igartzen du. Mutiko hori bere txikitako oroitzapena den, edo benetan norbait begira dagoen norberari dagokio interpretatzea. Altunaren laburrean, aitzitik, bi gizonezko dira bigarren aldian xirrika ari direnak; eta neskatxa bat da, leihotik begira dagoena. “Zelataria zelatatu bihurtuko da, eta ehiztaria ehizatua izango da”; baina ez da hori kontua, ordea. Zutabe bat aldatu du istorioan Altunak: bigarren bikotea ez da heterosexuala. Eta honek dena iraultzen du.

Joseba Sarrionandiak bere ipuinen inguruan zioen: “Zergatik tipiak? Bilatzea maite duenari tipitasunak bilaketaren atsegina ugaltzen diolako, edo autorea lan luzerako nagia delako, edo lana hasita bihar etzi huts egitearen beldurrez luzarorako engaiatzen ez delako, edota gauza tipietan handietan bezainbeste sekretu kabitzen delako”. Laburmetraigilea ere ipuin-kontalaritzat har daiteke. Eta gako horien bila jarrita, bergararraren bigarren laburrak sekretu tipi bat badu: ipuinaren ziklikotasuna zalantzan jartzen du, behintzat eternalki ziklikoa izateari dagokionez. Mutil gazteak leihotik begira, bikote heterosexuala ikusi du. Nagusiagoa denean hura oroitu, eta voyeurismoak bultzatzen du larrutan egitean leihoa ez ixtera. Txikitan ikusi zuen emakume hori izan nahi du, eta ez berekin oheratzen zen gizona. Gizon bat nahi du berari plazer ematen, emakume horrek ondoan zuena bezalakoa. Eta gainera, neskatxa bat dago haiei begira, lehen bikotearen leiho berean. Eta ez mutiko bat. Pentsa dezakegu lehenengo bikotearen alaba dela edo ez (kontuan izanik egungo alokairuen efimerotasuna, hipoteken estutasuna edo harremanen likidotasuna); baina galdera hurrengoa da: nola jarraituko du istorioak? Eta bide batez: neskatxa horrek zer egingo du gero? Nahiko ote du berak ere larrutan nola egiten duen beste norbaitek ikus dezan? Gurasoen erregimen heterosexualari men egingo dio edo bizilagunak zabaltzen dion leihotik sartuko da? Eta garrantzitsuagoa ziklikotasunari dagokionez: egongo al da beste umerik neskatxa handitzean larrutan nola egiten duen ikusteko (bizilagunen ondorengoa), bikote gay baten umeak izateko aukera murriztuei erreparatuz?

“Ipuin sendagaitzak” deitzen die Sarrionandiak bere lanei, non behin eta berriro irakurri ahala esanahi berri, ezkutuak suma dakizkiokeen bere bildumari. “Film sendagaitzak” deituko diegu, beraz, lehen begiradatik haratago hausnartzera bultzatzen gaituzten film labur horiei.