argia.eus
INPRIMATU
Yellow days
Itxaro Borda 2019ko martxoaren 12a

Otsailaren 2an, larunbat arratsaldean, berrehun bat jende, horiz jantziak, ikusi  nituen Pannecau zubian bilduak, heldu den agorrileko iragarria den G7 gailurra aipatzen zuen euskal iraultzaile profesional baten hitzak kartsuki entzuten. Txirrita-k maiteko zuen: frantses euskaldun banderekiko hagak airean zebiltzan, nahiko giro lasaian hemen, gainerako eskualdeei konparatuz.

Badu lau hilabete orain mugaz honaindiko aktualitateak hori kolorea duela eta jazarraldi nahikundeak plazaratzen direla, medio ezberdinetan. Alabaina, oldar horretan interesatuak dira Estatuaren kontra direnak oro: abertzaleak noski, baita ezker zein eskuin muturretako ideologoak ere. Txaleko horien buruzagi batek, italiar kazetari baten mikroan jakinarazi zuen paramilitarrak gertu zeudela, dei bat egin eta Frantzian boterea hartzeko. Iduriz Macronek gillotinatua bukatuko du, laster!

Mugimendua klasikoa da: negar eginarazten gaituen pobrezia errealaren aldetik bezain ageriko insurrekzio xedeen gatik, batzuek 76 birjinekiko paradisua eta besteek Euskal Herria sozialista hitz ematen duten artean, beti bada norbait lema horietan sinesteko (eta hiltzeko prest).