argia.eus
INPRIMATU
Medusak 8
Estitxu Garai Artetxe @egarai 2019ko martxoaren 12a

Greziar mito zaharrak dio Medusa emakume ezinago eder eta erakargarria zela. Poseidonek Medusa bortxatu ostean, Atenea Jainkosak, amorruaren amorruz, Medusa zigortu eta munstro bilakatu zuen. Ilearen partez hamaika sugedun mataza ezarri zion buruan eta begietara begiratzera ausartzen zen edonor harri bihurtzen zuen. Justizia patriarkala ez da gure garaietako asmakizuna.

Kontakizuna erabat misoginoa den arren, gu, emakumeok*, bagara, nola edo hala, gure mendeko Medusak. Eder eta isilik nahi gaituzte, eta, aldiz, mutur-makur eta garrasika gaude. Mindu nahi gaituena harri bihurtzen ikasi behar izan dugu guk ere. Nazkatuta, gure babes sistema propioa garatu dugu, eraikitako gizatasun faltsua harri bihurtzekoa, deseraikitzekoa. Kalte egiten diguna harritu eta ostiko batez gugandik aldentzekoa.

Ulertzen dugu tokiz kanpo sentitzea, hamar argazkitatik hamaikatan ateratzera ohituta baitzaudete. Lasai, desintoxikazioa ez da hain zaila, kontzientzia dosi txiki bat eta bigarren mailara lerratzea baino
ez du behar

Kapitalismoaren eta patriarkatuaren ezkontzak aspaldi finkatu zituen rolak. Zuek Wall Street-eko otsoak, gu etxe-txokoko atsoak. Gizonenak izan dira plaza eta kapitala. Gure lanak balio ekonomiko eta sozial gutxiago ei dauka etxean zein etxetik kanpo. Urrea balio, urria jaso. Baina musu-truk (eta askotan kolpe-truk) egindako lan guztia ere harri bihurtu eta sistemaren kontra jaurtiko dugu, pitzatu arte. Aspaldi erabaki genuen neskame izateari uztea.

Nola portatu, zer jantzi, noiz biluzi, nori negar, norentzat barre, nor maitatu, zer pentsatu, nola maitatu, zer sentitu, nola egin, zer isildu, nola esan, zer bai, nola ez. Zer izan. Nor izan. Nola izan. Gure partez erabaki dute orain arte. Aurrez ezarrita zetorkigun bizitza osoan soinean eraman beharreko soinekoa. Baina zetazko soinekoari ere eman diogu harri forma, eta igarri dugu haren pisu jasanezina, lepoa eta gogoa txikitu dizkigu, erantzi eta biluzik saltoka ibiltzea erabaki dugun arte.

Arzalpena, arzalpena eta arzalpena. Zerk duen lehentasuna, greba nola antolatu eta mugimendu feministak izan beharreko diskurtsoari buruzko iritziak. Arzalpena, arzalpena eta arzalpena. Oraindik ezin dut ulertu, guri arzaltzeko hainbesteko jakituria eta ezagutza edukita, nola daitekeen gizonek gidatutako borroka urte luzeen ostean oraindik desberdintasun egoera honetan egotea. Nola litekeen guretzat, askotan, herria bera harri izatea.

Ulertzen dugu tokiz kanpo sentitzea, hamar argazkitatik hamaikatan ateratzera ohituta baitzaudete. Lasai, desintoxikazioa ez da hain zaila, kontzientzia dosi txiki bat eta bigarren mailara lerratzea baino ez du behar. Hori bai, hausnardolak eta erabakimin pilulek efektua egiten dizuenean, gizonek aulkiak utzi beharko dituzue, zuen ipurdiak populazioaren erdiari berea lapurtzen baitio. Bestela, zuek ere harri bihurtu eta erditik kendu beste erremediorik ez zaigu geratuko.

Senegalgo ahizparen, lehengusina transaren eta amona pentsiodunaren bizitzek merezi dutelako. Bada garaia gure bizitzak erdigunean jartzeko. Martxoaren 8an planto egin dugu, egunerokoan planto egiten segituko dugula aldarrikatzeko. Guztiok izan gara Medusa, martxoaren 8an, eta izango gara apirilaren 9an eta abenduaren 10ean. Zapalkuntza guztien gainetik, emakume* askez osatutako Euskal Herri askean bizi nahi dugulako. Horregatik eta horretarako, gure begiradarekin, gure begirada feministarekin, harritzen jarraituko dugu.