argia.eus
INPRIMATU
Loreak eta aholkuak
Nerea Ibarzabal Salegi 2019ko martxoaren 12a

Bi greba feminista bizi izan ditut. Bi baino ez dira izan, baina dagoeneko urrun geratzen zaizkit bestelako martxoaren 8ak, “zorionak” ematen zizkigutenak, lore edo bonboi forma zutenak, etxeko zaintzailerik onena izaten jarraitzera gonbidatzen zintuztenak. Ez dago urrun denboran, baina bai espazioan –fisikoan eta mentalean–, nirean behintzat. Hori lorpen ideologiko bat iruditzen zait, pauso bat. Greba batek inplikazioak eskatzen ditu, grebak deserosoak dira, eta deserosotasunak –eta ekonomia ukitzeak– gauzak mugitzen ditu, alde batera edo bestera.

Kontua horixe da, zein aldetara mugitzen duen fitxa botereak. Argi dago emakume* langileak zapaltzen dituzten enpresentzat, zaintzaz arduratzen ez diren gizonentzat edo biolentzia, estereotipoak… legitimatzen dituzten hainbat eragileentzat askoz errazagoa zela loreen garaia. Baina kaleko mugimenduak geldiarazi ezin direnean, ohiko estrategia da “bat egitea”, baina zati ideologikoa neutralizatuz eta estetikoa berenganatuz. Ikusiko zenituzten Euskal Herriko Mugimendu Feministak “zuriketa morea” kontzeptuari buruz eginiko bideo zoragarriak, Beatriz Egizabal umoregilearen eskutik. Zuriketa morea da, besteak beste, Iberdrolak “emakumeei buruzko” ipuin lehiaketak antolatzea egunotan, edo Gasteizko Udaleko gizonek talde-argazki bat atera nahi izatea martxoaren 8aren harira –Talka espazio feminista hustu ondoren–… Gero dator Espainiako erreginaren atxikimendua eta halako ehunka lasto biral arazoaren muinari ez heltzeko. Eta hau, lagunak, ez da mugimendu feministaren “errua”. Hau sistemaren biziraupen teknika bat da. Baina badirudi mugimenduaren edozein ahulgune posible seinalatzeak poztxoa ematen diela askori. “Txarto zabiltzate”.

Heteropatriarkatu kapitalistari planto, badakigu etsaiak nortzuk diren, ez dugu inoiz ahaztu, bistaratu egiten ditugu. Eta Ana Botinek esaten badu aurtengo martxoaren 8an txapa more bat jarri duela sudur puntan, ez, ez da feminismoak diskurtsoan kale egin duelako, ez da klase-zapalkuntzaren faktorea ez duelako azpimarratzen, ez da Botinen ondoan borrokatu nahi dugulako. Ez dugu “feminismo liberalaren” gezurrean sinesten, badakizue hainbeste. Azalpenak ematen ere aspertu egiten da pertsona halako batean.

Azken urteetako mobilizaziorik indartsuenetako bat gutxiesteko asmoz datorren hurrengoa, mesedez, doala bidegorritik buelta bat ematera. Lore-sortak lekuz kanpo zeuden, baina aholku-sortez kokoteraino gaude.