argia.eus
INPRIMATU
Ibarbi sagarra elkartea
Sagarraren ibilbidea martxan
Garazi Zabaleta 2019ko martxoaren 17a

Errezilgo hainbat ekoizle batuta, Ibarbi Sagarra Elkartearen lehen pausoak eman zituzten 2013an. “Sagar mota hori ikertzea, garatzea eta zabaltzea da elkartearen lan nagusia”, esan du Joxerra Agirre taldeko kideak. Euskal Herrian sagarraren inguruan ikerketa lan gutxi zeudela ikusita, hutsune hori betetzeko gogoz ekin zioten proiektuari. Elkartearen urteotako lanari eta bereziki duela gutxi martxan jarri duten Ibarbi Sagarraren Ibilbideari aitortza egin dio Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen federazioak, Landaola Saria emanaz urtarrilean. “Ikertzen eta bertako sagarra bultzatzen jarraitzeko indarra eman digu”, aitortu du Agirrek.

Sagarra gidari

Kanpotik datorrenak Errezilen eta sagarraren arteko lotura egitea bilatzen zuten Ibarbi Sagarraren Ibilbidearen bultzatzaileek. Lotura hori nola egin pentsatzen jarrita, jada jendeak egin ohi zuen ibilbidearekin topo egin zuten: “Bertakoek nahiz bisitariek askotan egiten zuten ibilbide hori markatzea eta bidean zehar informazio panelak jartzea izan da gure lana”. Errezil sagarraren eta sagastiaren kultura oinarri hartuta, informazio paneletan herriko historia eta hainbat pertsonaia  aurkeztu dituzte.

Herri erdiguneko idi-dema plazatik ateratzen da ibilbidea, 3,5 kilometroko luzera dauka, eta ez du zailtasun handiegirik, familia giroan egiteko aproposa dela diote elkarteko kideek. “Ibilbidean zehar dago Errezilgo errezil sagar gehiena, baita orain ikerketarako darabiltzagun bi sagasti landaketa berezi ere”, diote.

Lanean jarraitzeko bultzada

Formazioa eta ikerketaz gain, bestelako ekimenak ere antolatzen dituzte. Esaterako, Errezilgo Azokako emakumeek antolatu ohi zuten Sagarraren Eguna orain bi taldeek elkarlanean ateratzen dute aurrera. Horrez gain, kanpoko sagastietara bisitak antolatzen dituzte. “Aurten Asturiasera joango gara ziurrenik, bertan nola ekoizten eta saltzen duten ikustera, kate osoa ezagutzera”. Han gurean baino aurreratuago daudela dio Agirrek, sagarraren ikerketa eta merkaturatze alorretan.

Aipatzekoa da baita ere 2015ean baserriz baserri egin zuten datu bilketa: herrian 130 sagasti eta 11.445 sagarrondo zenbatu zituzten, eta horietatik %56 ibarbi sagar motakoak direla egiaztatu.

Irudia: Maitane Gartziandia.