Hiru dira, eta ez bi, prostituzioaren inguruko jarrera nagusiak: erregulazionismoak lanbide bat gehiagotzat dauka prostituzioa eta legeztatu egin nahi du “sexu-langileen” eskubideak bermatzeko xedez; prohibizionismoak prostituzioaren eta prostituzioan ari diren emakumeen aurka jarduten du; abolizionismoak, azkenik, prostituzio-eskaria desagerrarazi nahi du. Nola? Proxeneta eta putazaleak zigortuz eta prostituzioan diharduten emakumeei alternatibak eskainiz eta lagunduz. Horretarako ezinbestekoa da Atzerri Legea indargabetzea, lan erreforma atzera botatzea eta poliziaren jazarpena geldiaraztea.
Prostituzioa sexu-lantzat hartzeak sexuari buruzko ikuskera hau normaltzen du: gizonek beren zakila emakumeen alu, aho eta ipurtzuloetan sartzeko eskaera asetzea dela sexua, emakumeon desirak gorabehera. Horratx kapitalismoaren magia: noiz eta baimen berariazko eta ez baldintzatuaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, transakzio ekonomikorik ezean bortxaketa litzatekeena utzi egiten diola bortxaketa izateari tartean dirutrukea badago.
Askotan argudiatzen da ipurdiak garbitzea ere ez zaiola gustatzen inori. Bizitza eta pertsonen zaintza erdigunean jartzen irakatsi digu feminismoak eta, prostituzioa ez bezala, besteren laguntza behar duen norbaiten ipurdia garbitzea behar sozial bat da, eta egiten duenarentzat baldintzarik onenak lortzeko borrokatu beharko sugu, ez jendea zaintzeari uzteko.
Bizitza eta pertsonen zaintza erdigunean jartzen irakatsi digu feminismoak, eta prostituzioa ez bezala, besteren laguntza behar duen norbaiten ipurdia garbitzea behar sozial bat da, eta egiten duenarentzat baldintzarik onenak lortzeko borrokatu beharko dugu,
ez jendea zaintzeari uzteko
Bestalde, prostituzioan dihardutenei entzun behar zaiela esaten da maiz, baina gehien entzuten diren ahotsak haren aldekoak dira eta, aukera librearen mantra neoliberala errepikatuz, esaten dizute jardun boteretzaile bat dela, “aukera” horretara bultzatzen duten baldintza materialen abstrakzio erabatekoa eginez. Kontuan hartzekoa da prostituzioa erregularizatu den herrialdeetan, estatu proxenetak etekina ateratzen diola jardun hori zergapetuz eta, beraz, ez da pentsatzekoa ahalegin handirik egingo duenik pobreziaren feminizazioari aurre egiteko, horixe denean diru iturri bihurtu duen prostituzio industriaren lehengai nagusia.
Azkenik, galdera bat egin behar diogu geure buruari: benetan uste dugu gizonek emakumeen gorputza eskuratzeko duten eskubidea naturalizatu, legitimatu eta betikotzeak gizarte berdinzale bat lortzen lagunduko digula, putazaleek –gero eta gehiago eta gero eta gazteagoak– emakumeok objektu sexualtzat gauzkaten gizarte bat indartu beharrean?