Txiki Parketan, erraz ezagutzekoak diren koloreek osatzen dute mundua: horia hori da eta berdea berde, tarteko ñabardurarik gabe. Formak ere aise atzematen dira: leunak dira izaten, haurrei min ematen ahalko liekeen ertz edo puntarik gabeak. Azalera suabe eta beratz horien artean, umeek abenturak bizitzearen zirrara sentitzeko aukera dute, baina sekulan arriskuan egon gabe; gero gurasoei harro kontatzen ahal diete zeinen ausartak izan diren.
Aspaldi honetan, Nafarroari –oro har– eta Altsasuri –zehazkiago– Txiki Park baten antza hartu diete nerabe harroputz zital zenbaitek: ilunantz moralik gabeko formek osaturiko eremu gisa hartu –demokraziaren argi itsugarria hemen, terrorismoaren eta haren lagunen sektarismo beldurgarria han– eta heroiarena egiten jostatzen dira, gero beren hedabideetan kontatzeko zeinen ausartak izan diren, xarmanki jakin arren inoiz ez dutela den arriskurik ttikiena ere izan.
Neolitotik lauretan hogei amatxik bereizten gaituzten bezala, aspaldian, ETA artean aktibo zegoelarik, bizpahiru lagunek bereizten gintuzten ETAkide izatetik. Gaur, armak betiko isildu diren honetan, politikari demagogo, epaile konplize eta kazetari bufoi batzuen apetak bertzerik ez gaitu urruntzen terrorista imajinarioa izatetik.
Nolanahi ere den, Casadok eta Indak joan den astean Altsasun eman zuten espektakulua Espainiari begira egina izan zen, ez nafar hautesleei begira. Botoak lortze aldera, Nafarroa inolako lotsarik gabe kakazten ahal den lurraldea da, eta irri egiten ahal zaio Altsasuko herritarren sufrimenduari, baldin eta horrek istant batez arreta mediatikoa ekartzen badu Espainia aldean.
Egunero gogoratu eta gogorarazi beharko genuke nafarretan nafarrenak omen diren horiek, UPNkoek alegia, jendilaje horrekin hautatu dutela gobernatzen saiatzea.