argia.eus
INPRIMATU
Bankari baten biolentzia
  • Bankuetako presidenteek, hala nola patronal handietakoek, euren enplegatuen aldarrikapen-mugimendu orori indarkeria erabiltzea egotzi izan diote (grebak, pankartak, “obrero kaleratua, nagusi urkatua” eta antzeko simulazioak…), baita gizarteko beste sektore anitzi ere, askotan “estortsio terroristaren” pare jarriaz, ETAren zerga iraultzailearen antzera. Bada, gaur bankarien biolentziaz hitz egingo dugu, zehazki BBVAko presidenteak erabilitakoaz.

Juan Mari Arregi 2019ko martxoaren 13a

Francisco Gonzalezek (FG) ez zuen eskrupulurik izan Estatuaren estolda-zuloetako agenteak erabiltzeko –Villarejo komisarioa zen haietako bat– eta akziodunei lapurtutako milioika euro bideratzeko, ustez bankuaren kontrola bereganatu nahian zebiltzanen kontra egiteko.

Eskura ditugun datuek diotenez, Sacyr taldea saiatu zenean FG presidentetzatik kentzen 2004-2005 artean, honek erabaki zuen enpresariak, ministroak eta kazetariak espiatzeko sarea sortzea. Villarejo komisarioari eman zio lan hori, eta zenbait pertsonari xantaia egiteaz gain, gezurrak eta kalumniak jaurti zituen –hau da, biolentzia–. Dirua erruz erabili zuen: komunikazio sistemaren ITC edo maletak 500.000 euro balio zuen. Hainbat kalkuluren arabera bost milioi euro ordaindu zizkion Villarejori gerra zikina egiteko.

FG iritsi zen BBVAren presidente izatera garbitasun eta gardentasuna aldarri hartuta: Neguriko buruzagiak bankutik kanporatu zituen paradisu fiskalekin zuten erlazioagatik. Orain, haren kontrako salaketak baieztatzen badira, bera izango da estortsioa erabili eta lapurtutako diruz gerra zikina sustatu duena. Bankariaren biolentzia. Aste honetan Bilbon egingo den BBVAko akziodunen batzar nagusiak zerbait egin beharko luke.