argia.eus
INPRIMATU
Mugimendu agroekologikoari indarra emateko kanpaina abian
Garazi Zabaleta 2019ko martxoaren 10

Euskal Herri osoa eremutzat duen baserritar agroekologikoen elkargunea da EHKOlektiboa, bertako laborantza ekologiko eta herrikoia bultzatzeko lanean ari dena. Muga administratiboen gainetik dihardute, Zuberoatik Bizkaiarainoko nekazari eta abeltzainak elkarlanean jarriz. Jardunean muga horiek gainditu badituzte ere, alor ekonomikoan zailtasunak dituztela adierazi du Jokin Zaldunbide elkarteko kideak: “Administratiboki hiru gunetan gaude banatuak, eta Euskal Herriko egitura kontzebitzen ez duenak oztopoak besterik ez dizkigu jartzen”.

Autonomia ekonomikoaren bila

Aipatu arrazoiagatik diru laguntzak eskuratzeko dituzten zailtasunak medio, ondorio honetara iritsi ziren: talde eragilearen ondoan “talde ekonomiko” baten beharra bazutela, diru iturrietan autonomia irabazteko. Hortik atera da %100 kanpainaren ideia. Ehun pertsonek ehun euro ematearekin dauka kanpainaren izenburuak lotura, baina ez horrekin bakarrik: “Euskal Herri mailako egitura batean ez gara ehun soilik, beraz %100 horrek beste esanahi bat du: anitzek ematen ahal dugula pixka bat, ehun baino askoz gehiago izaten ahal gara”.

Kanpainarekin jendarte zabalarengana iritsi nahi dute. “Agroekologiak fokua ez du laborantzan soilik, sare anitz ditu, burujabetza arlo askotan bultzatu nahi duen proiektu politikoa baita”. Beraz, baserritar nahiz kaletar, EHKOlektiboa bezalako elkarteen lanaren garrantziaz ohartzen den edonori egin nahi diote ekarpen ekonomikoa egiteko deia.

Nola batu?

Diru ekarpenak egiteko bi kontu korronte ireki dituzte kolektiboko kideek, bata Hego Euskal Herriko jendearentzat eta bestea Ipar Euskal Herrikoarentzat. Interneten EHKOlektiboaren webgunean eskuragarri daude ekarpenak egiteko zenbakiok.

Lortzen den diruarekin zer? Bada, orain arte martxan zituzten ekimenak indar eta babes handiagoarekin mantendu ahalko dituztela diote. “Jadanik sortuak eta martxan dauden lantaldeei indarra ematea ahalbidetuko du: baratzezainen lantaldea, abeltzainena, frutazainena… horiek dinamizatzen jarraituko dugu”. Bestela esanda, Euskal Herriko mugimendu agroekologikoari indarra ematen segituko dute, taldeko teknikariari ere baldintza duinak emanez.