El Correok dio Urkulluk erran duela Puigdemontek bide unilaterala hartu zuela kalea “matxinatzen ari zitzaiolako” –komatxoak El Correorenak dira: hitzez hitz biltzen omen du titularrak Urkulluk errandakoa–.
Lerroa Guillem Martinezen tesien hondarreko degradazioa izan liteke –procéseko lider politikoek ez zuten independentzian sinesten; aitzitik, krisi testuinguru batean, beren burua salbatzen saiatzen ari ziren, eta abar–, baina ukitu kontserbadore batekin, hain zuzen ere komatxoen arteko aditzak biltzen duen ukituarekin. Zeren kalea matxinatzea, lagunok, beti da txarra, eta matxinaturiko kaleari kasu egiteak desastrea bertzerik ez du ekartzen ahal.
Esaldi bakarrean, El Correok eta euskaldunen lehendakari bakarrak demokrazia formalaren eta 78ko erregimenaren gaineko lezio ederra eman digute: jendeak txintxo-txintxo bozkatzen du, hautaturiko politikariek legeak egiten dituzte, lege horiek – direnak direla ere– lege demokratikoak dira eta protestatu gabe bete beharrekoak. Hortik kanpo, ez da deus. Inork ez zukeen hobeki adieraziko. Tira, norbaitek bai, mintzatzeko maneran ez ezik, nonbait ideologian ere Urkulluren doppelgänger den Espainiako erregeak: ustezko demokrazia ez dago legearen gainetik. Kalea matxinatzen bada, erantzuna a por ellos da; ez, ordea, inolaz ere ez, matxinatuen buru bihurtzea.
El Correoko lerroburuak gorazarre pixka bat egiten dio lehendakariari, zeinari kalea ez baitzaio matxinatu eta zeinak Espainiaren eta Euskadiren arteko bilateraltasunean konfiantza osoa baitu. Fantasia horrek prozesu independentista bat zer den ulertzeko beharko lukeen gutieneko enpatia ere kentzen dio, eta izua bertzerik ez dio uzten: herritarrak aldarrikapen demokratikoak egiten, eta politikariak haiekin bat egiten? Burugabekeria handiagorik!