Duela 500 urte, 1519an, Michelangelo Buonarrotik (1475-1564) Florentziako San Lorentzo basilikan Sakristia Berria eraikitzeko proiektua abiatu zuen, Medicitarren hilobiak bertan hartzeko.
Arkitektura eta eskulturaren maisulan hori egiteko, zehaztasun handiz aztertu zuen egoitza berriaren argiztapen naturala. Baina XVIII. mendearen hasieran, sakristiaren alboan Printzeen Kapera eraiki zutenean, Michelangeloren argi efektuak itzali egin ziren.
Orain, teknologia berriak lagun, argiztapen sistema berria jarri dute aretoan jatorrizko argi baldintzak lortzeko eta, hala, argazkiko eskultura, adibidez, Michelangelok nahi bezala ikus daiteke.