Manu Lopez Gasenik lehen poema liburua du Aldi baterako hauxe, azaletik bertatik hasita klasizismoari emana, idazkeraz ere neurritsua, kultua eta erreferentziaz betea. Michelangeloren esklabuen antzera, poetak ere bizitza guztian idatzia baina atera gabea zeukana atera du kenduz-kenduz: “Munduaren ifrentzua/ ikusi dut/ mirailaren beste aldean/ untxi zuriaren xerka./ Une horiek guztiak/ denboran galduko dira/ malkoak euripean bezala.// Amaiera baino lehen/ esateko ordua zen”.
Liburu honek badu kritika sozialik. Badu, halaber, lirismoaren puruz eta poesia deskriptiboa eginez edertasun formala bilatzeko helburu bat ere noizbehinka. Igartzen zaio metafisikarako joera, baita. Baina poesia filosofikoa begitandu zait batez ere, zentzu hertsian. Aspaldi irakurri gabea nengoen pentsamenduan hain sakon ari den lanik, hain harrituta geratzen denik eskulturekin, poetekin, denborarekin.
Errepasoa egiten zaio hemen bukatu gabe utziko dugunari. Heriotzaz eta haren gaindikoaz badaude erreferentzia bat baino gehiago. Gu zer garen barruntatu gura luke idazleak, zergatik bizi garen hausnarrean, zergatik den enigma bat azken puntuaren ostean datorrena. Apenas dagoen pertsonaiarik, ezpadira soslaiak: gaixo dagoena, alter ego bat edo beste, norbere eskuak, umeak…
“Aienatu da kantua/ joan dira koloreak/ zuritasuna da nagusi.// Eguzki-argiaren isla ote/ ontziko oihaletan?/ Ez hilik/ ez bizirik/ eldarnioan baizik”. Horrela iragaiten dira poemak. Ez dute denborarik, ez espaziorik. Gehien-gehienak zerebroaren linboan dute emozioa bilatzen, gehien-gehienak diskurtsoaren materia dira. Figura literariorik gabeko asmakizun hauetan, beraz, kontraesana eta esana bilatu behar dira, ez hainbeste lorea eta suhartasuna.
Poemak ez dira informazioz eta tautologiaz hanpatu horietakoak. Ez dira, ezta, Florentzian idatziak cinquecentoan. Nahiz eta zapore eta eite bat badaukaten pizkundekoa eta, esan dugun moduan, asmo bat filosofikoa, aski arruntak eta aski samurrak dira. Material erabiliekin gai betierekoen gainean idazten diren era honetako liburuak, ostera, hutsalegi gertatzen dira maiz. Niri behintzat iruditu zait sarritan poetak ez daukala berririk zer erantsi, eta originalik zer opatu.