Soinu laino trinkoa eta sendoa eraiki du Lisabök. Emozioen soinu banda eder bat, itzela. Tentsioa da nagusi, eustea. Intentsitatea, energia. Amorrua, ernegazioa, amildegiaren ertzean egotearen sentsazioa. Une batzuk bortitzak eta basatiak dira, zarata, ekaitza eta iluntasuna nabaritzen dira, eta beste batzuk leunagoak eta samurragoak, eta barealdia eta argitasuna ageri dira.
Post-hardcore kutsuko doinu gordinak dira, askotariko osagaiekin. Arretaz entzutea merezi du, behin baino gehiagotan, entzunaldi bakoitzean beste zerbait deskubritzeko, hamaika xehetasun eta ñabardura baitaude, eta Lisabören soinu lainoan ongi murgiltzeko eta emozioak azaleratzeko.
Bere diskorik onenetarikoa da, onena ez bada. Lan dotorea, oso ongi osatua. Azala eta mamia. Dena bat da. Kantetan gitarrek, baxuek, bateriek, celloak eta ahotsek osatzen duten multzoa bezala, edukia eta aurkezpena osagarriak dira erabat: kantak, doinuak, hitzak, soinuaren kalitatea, azala, eta hitzak, argazkiak eta diskoa egiteko prozesuaren gainerako nondik norakoak biltzen dituen liburuxka.
Zazpi urte iragan dira aurreko lana kaleratu zutenetik, eta taldeko partaideen artean aldaketa batzuk izan dira. Ivan Zabalegik eta Joseba Poncek taldea utzi dute, eta grabazio saioetan Aida Torres eta Maite Arroitajauregi aritu dira Karlos Osinaga, Jabi Manterola, Eneko Aranzasti eta Xabi Zabalarekin, eta Santi Noainek eta Okene Abregok ere parte hartu dute kolaboratzaile modura.
Halaber, Martxel Mariskalek idatzi dituen hitzak bikainak dira, eta lan osoa ederki biribiltzeko, Ramon M. Zabalegik egin ditu liburuxkan ageri diren argazkiak.
Diskoa aurkezteko emanaldietan, Karlos, Jabi, Xabi eta Enekorekin batera, Borja Toval (Sacco) eta Sergio Gonzalez (Izaera, Sorkun) ariko dira. Zalantzarik gabe, ikusteko, sentitzeko eta bizitzeko moduko saioak izango dira. Besteak beste, martxoan, apirilean, maiatzean eta ekainean ariko dira Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, Iruñeko Indara aretoan, Bilboko Kafe Antzokian, Sarako UsoPop Festibalean, Bartzelonako Primavera Sound jaialdian eta Portoko Nos jaialdian.