Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen federazioa da Landaola, sei eskualdetako elkarteek osatua: Behemendi, Deba-Garaia, Debemen, Goimen, Tolomendi eta Urkomek. Landa eremuari bultzada emateko hainbat proiektu egiten dituzte elkarrekin, eta elkarlan horren emaitzetako bat dira Landaola Sariak: bigarren urtez, landa inguruan martxan jarri diren hainbat proiektu saritu dituzte, lau arlotan: erakunde pribatuak, erakunde publikoak, urteetako ibilbidea eta emakumeak landa eremuan. Urtarrilaren 31n Itziarren egin zuten sari banaketa ekitaldia.
“Iaz hasi ginen Landaola sariekin, eta helburua batez ere da landa eremuan egiten diren proiektuak ikusaraztea. Proiektu asko abiatzen dira landa inguruan, eta horiei balioa ematea garrantzitsua da”, azaldu du Yurre Peñagarikano Urkome Urola Kostako Landa Garapenerako Elkarteko eta Landaolako kideak. Ez dago dirurik sarien atzean, saritutako proiektuek jasotzen duten errekonozimendua eta erreferentzialtasuna da garrantzitsuena bultzatzaileen ustez.
Sarituak hautatzeko, erakunde publiko eta pribatuen alorrean Landa Garapen Elkarte bakoitzak bere eskualdeko proiektu bat proposatzen du, eta horien artean nori eman erabakitzen dute federazioan. “Landa Garapen Elkarte bakoitzak lanketa egiten du bere eskualdean, eta eskualde bakoitzetik bi alor horietan ateratzen diren proposamenak ere ematen ditugu ezagutzera”, dio Peñagarikanok. Modu horretan, sariketaren prozesuan eskualdeko proiektu ezberdinen garrantzia aitortu eta balioa ematen diete.
Landaola sariek aurten berrikuntza ekarri dute. “Landa eremuan eta batez ere baserrietan emakumeek garrantzia handia dutela ikusten genuen, baina hori ez zen sarietan islatu iaz”. Hori ikusita, laugarren sari bat jartzea erabaki dute aurtengoan: Emakumea Landa Eremuan saria. Azoketan saltzen aritzen diren emakume baserritarrei eman diete lehen sari hori.
Beste hiru alorretan hauek izan dira sarituak: erakunde publikoenean Orexako Udalaren ‘Orexa Bizirik’ proiektua, erakunde pribatuenean Errezilgo Ibarbi Elkartea ‘Errezil sagarraren ibilbidea’ egitasmoagatik, eta urteetako ibilbidearen saria Peio Rubiori eman diote nekazaritza ekologikoan eta lehen sektoreari lotutako mugimenduan urteetan parte hartzeagatik.