Eusko Jaurlaritzak sortutako Elkarrizketa Sozialerako Mahaia joan den astean bildu da, ELA eta LABek osatzen duten gehiengo sindikalik gabe.
Bilera izan zen egoitzaren atarian elkarretaratu ziren LABeko ordezkariak, mahai hori “iruzurra” dela salatzeko, “gehiengo sindikala baztertu eta soilik gutxiengoarekin bilatzen baititu akordioak”. ELAk, bere aldetik, salatu du Urkulluren exekutiboak herri borondatea eta demokrazia parte-hartzailea mespretxatzen dituela, Herri Ekimen Legegileak eztabaidatzeari uko eginez, pobrezia eta bazterkeriaren kontrako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarena kasu; sindikatuaren aburuz, mahai horrekin CCOO eta UGT erabiltzen ditu “bere politika antisoziala eta jokabide antidemokratikoa makillatzeko”.
Sindikatu abertzaleen salaketak oinarri sendoak dauzka. Diotenez, Eusko Jaurlaritzak ez du haiekin hitz egin mahaia sortu aurretik. Gobernuak politika neoliberalak ezarri ditu patronalarekin adostuta. Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren dekretuari dagokionez, “joko arau antidemokratikoak inposatzen ditu, sindikalgintzaren eremuko gehiengoak errespetatu gabe”. Akordioak sinatzeko, nahikoa da sindikatu bakar batek babestea, hau da, gutxiengoak. Esaterako, UGTren ordezkaritza %11 izatera iristen ez den arren, akordio bati balioa eman diezaioke bere babesarekin.
Logikoa eta koherentea da euskal sindikatu nagusiak Elkarrizketa Sozialerako Mahaian ez egotea. Eusko Jaurlaritzaren arduragabekeria oso handia da, politika horrekin sindikatu abertzale aldarrikatzaileenei ez-ikusia egiten baitie. CCOOk eta UGTk ere badute erantzukizunik, politika hori onartzen baitute.