argia.eus
INPRIMATU
Afrikar emakume gerrariak Oscar sarietan
  • Dahomey erresuma (Egungo Benin), 1724. Emakumez osatutako ejertzitoak Alladaren aurkako gerran parte hartu zuen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko otsailaren 21
Bizirik geratzen ziren mino apurrak Parisen, 1897an, europarrentzat ikuskizun bihurtuta. (arg: Tropen Museum)
Bizirik geratzen ziren mino apurrak Parisen, 1897an, europarrentzat ikuskizun bihurtuta. (arg: Tropen Museum)

Handik hiru urtera Whydah erresumako Savi hiriburuaren konkistan ere jardun zuten mino (“gure amak” fon hizkuntzan) izeneko gerrariek. Handik aurrera, emakumeek batailoi iraunkorra osatu zuten eta 6.000 kidera iritsi zen.

Dahomey erresumako yorubak inguruko herriekin gerran jardun zuten luzaroan eta esklaboen salerosketak herrialdeari ekarritako oparotasun ekonomikoari eusteko, gainbehera demografikoari aurre egin behar zioten. A. E. Wilmot merkatari ingelesak, esaterako, Abomey hiriburuko kaleetan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko desproportzioa oso nabarmena zela jaso zuen. Horrenbestez, Agadja erregeak (1708-1732) bere aita Houegbadjak sortutako elefante ehiztari emakumeen taldea (gbeto) guardia pertsonal gisa erabiltzen hasi zen lehenik, eta borrokarako trebatu eta erabiliko zituen gero.

Gerrariak nerabezaroan errekrutatzen zituzten eta trebatze prozesu gogorra izaten zuten: lantzak, aiztoak, mazoak, ezpatak eta suzko arma europar batzuk erabiltzen ikasten zuten, baita gorputzez gorputzeko borrokan ere. Eta borrero lanetan ere gaztetatik jarduten zuten, heriotzara ohitzeko eta errukia uxatzeko. Ordainetan, pribilegio asko zituzten: errege jauregian bizi ziren eta nahi adina alkohol, tabako eta esklabo omen zituzten eskura, R. Burton esploratzaileak 1860an idatzi zuenez.

Minoen kopurua eta ospea handituz joan zen aldameneko herriekin borrokan, baina kolonizatzaile europarren aurka hasi zirenean, zehazki frantziarren aurka, teknologiak gainditu zituen. Zenbait militar frantziarren arabera, suzko arma gutxi eta zaharkituak zituzten, eta ez zituzten zuzen erabiltzen. Minoen adorea eta gorputzez gorputzeko borrokan zuten nagusitasuna nabarmendu zuten arerioek, baina hori ez zen nahikoa izan. 1892an, frantziarren aurkako gudu batera 434 mino bidali zituzten; soilik 17 atera ziren bizirik. Mendea amaitu baino lehen, Afrikako ia azkeneko erresuma independentea Frantziako kolonia bihurtu zen.

Datorren astelehenean banatuko diren Oscar sarietan, Black Panther filmak sei nominazio ditu, eta lehen aldia da superheroien pelikula bat film onenaren saria jasotzeko hautagai dela. Fikziozko Wakanda erresumako Dora Milaje emakumezko gerrariak dira, besteak beste, filmeko protagonistak. Fantasiaz eta akzio sinesgaitzez betetako filmak, hortaz, badu iturri erreal historikoa: Dahomeyko minoetan oinarrituta daude Ayo, Okoye, Xoliswa eta filmeko gainerako emakume gerrariek.