argia.eus
INPRIMATU
Zer ospatu handirik ez
Eneko Olasagasti @enekoOlasagasti 2019ko otsailaren 12a

Azken hilabetean hainbat agerkari digital eta paperezkotan honako lerro-burua irakurri ahal izan dugu: Onartua Artistaren Estatutua. Eta hitzezko ospakizunak zetozen atzetik. Baina ez da egia. Eta ez dakit oso ongi zer pentsatu, zer dagoen gezur horren atzean. Edo ezjakintasunaz idatzi dute edo asmo txarrez. Artistaren Estatutua Espainiako Diputatuen Kongresuko azpi batzorde batek idatzitako aholku txosten bat baizik ez baita. Gobernuari dagokio horko edukiak lege bihurtzea. Eta oraingoz joan den abenduaren 18ko 26/2018 Errege Dekretua besterik ez da onartu. Dekretu horretan Gizarte Segurantzarekin zerikusia duten zati batzuk besterik ez dira arautu. Besteak beste, erretiroa hartu eta gero lan egiteko aukera izatea, beharreko deskontuak eginez baina ez gehiago, eta egile eskubideak kobratu ahal izatea. Baina Artistaren Estatutua askoz gehiago da. Gizarte Segurantzarekin lotura duten beste alor batzuk arautu beharko lituzke, Ogasunarekin artistek duten harremanak arautuko lituzkeen epeen gaineko eredu berri bat sortu eta Askatasun Sindikala bermatu, nagusiki. Eta hortaz oraindik ezer ez da egin.

Gainera, Errege Dekretuak arautzen duena aurretik epaitegietan lortuta zegoen. Hain zuzen ere, Euskal Aktoreen Batasuneko abokatuak epaitegi askotatik pasa eta gero Auzitegi Gorenean irabazitako auzia da, jubilatu eta gero lan egiteagatik Gipuzkoako Gizarte Segurantzak aktore batzuei egin zizkien gehiegizko atxikipenak zirela kausa. Epai horrek jurisprudentzia ezarri zuenez Errege Dekretuak ez du ezer berririk ekarri beraz. Kuriosoa da, beste zerbait ez esateagatik, jokabide hori Gipuzkoako Gizarte Segurantzak besterik ez zuela izan. Ez Bizkaian, ez Araban, ez beste inon ez zuen horrela jokatzen. Gerora Balear Uharteetan errepikatu nahi izan da. Baina alferrik, jurisprudentzia baitzegoen.  

Zertara dator orduan hainbesteko zalaparta eta ospakizuna? Erdiaren erdiaren erdia ere ez denean arautu. Ez dut pentsatu nahi horrekin idazle ospetsu batzuek osatzen duten lobbya kontentu uzteko izan denik. Oso ondo ordaindutako hitzaldiak ematen segi dezaten. Ez dut pentsatu nahi propio egindako zerbait izan denik, denok uste dezagun Estatutua bere osotasunean onartua izan dela eta hortik aurrera kito. Ez, ez dezagun gaizki pentsatu.

Bestetik, eta bukatzeko, hainbat alorretan erkidegotan ez dugu eskumenik  baina EAEn baditugu ogasun kontuetan. Zeren zain daude Aldundiak eta Jaurlaritzak lanean hasteko?