argia.eus
INPRIMATU
NeskA indartsuA
Xabier Etxaniz Erle 2019ko otsailaren 12a
"A". Lorena Martinez Oronoz. idazlea eta ilustratzailea (Irun, 1973). Denonartean, 2018. 32 orrialde / Haurrentzat

Liburuak, normalean, bilduma batean kokatzen dira. Irakurleak, horrela, badaki nolakoa izan daitekeen, norentzat, zer genero edo estilotakoa… Denonartean argitaletxeak haurrentzat eginiko liburuak ez daude bildumetan, bakoitzak neurri, ezaugarri, estetika edo estilo berezia du. Liburu bakoitza ezberdina dela esan dezakegu eta, alde horretatik, ezingo genuke esan Lorena Martinezen azken lan hau berezia dela, nahiz eta ikusiko dugun bezala, oso liburu bitxia eta aparta izan.

A du izenburu liburu honek. Eta izenburuak, kolore gorriko letrak, azala betetzen du egilearen eta argitaletxearen izenei ia garrantzirik eman gabe. Liburua, gainera, uztaiez enkoadernatuta dago eta liburuaren fitxan 32 orrialde dituela esan badugu ere, egia esan, 16 dira orriak, guztietan atzeko aldea zuria baita.

Liburuak duen berezitasuna edo izaera aparta, baina, ez dator aurretik aipaturiko ezaugarri horiengatik. Liburua irudi sinpleen bidez kontaturiko istorioa dugu. Egia da lehen orrian gerora agertuko den kontakizunaren nondik norakoa azaltzen dela. Baina, nik neuk, irakurlea kontakizun idatzi labur horretaz paso egitera gonbidatuko nuke eta Lorenak ederki iradokitzen duen istorioan murgiltzera.
Otsoa agertzen zaigu lehen irudian, orrialdearen ezkerraldetik datorrela korrika, itxura gaizto eta maltzurrez. Bigarren orrian neskatoa ikusten dugu, orriaren eskuin aldean lasai eserita eskuinera begira. Otsoaren burua agertzen da ondoren ezkerretik neskarengana oldartzeko prest… eta laugarren irudian oihuka, “A” oihukatuz, neska ikaratzen.

Ez gara hasiko hemen zer adierazten duen eta nolakoa den otsoari buruzko irudia gure imajinarioan. Herri ipuinetan animalia maltzur eta bortxatzaile gisa ageri ohi zaigu otsoa eta normala da neska protagonista erasotua sentitzea, izututa eta ikaratuta egotea. Horren ordez, baina, Lorena Martinezek otsoari aurre egiten dion neska erakusten digu, bera ere “A” esateko gauza dela; are gehiago, otsoak baino ozenago egin dezakeela oihu.

Benetan interesagarria liburu honetan egiten den proposamena. Haur txikiei (neska izan ala mutila) heldu, indartsu, erasokorraren aurrean aurre egiteko baliabideak erakusten dizkien obra da; are gehiago, beti apal, isil, beldurti izan diren nesken kasuan adoretsu, indartsu, ausartak izan daitezkeela. Eta, era berean, indarkeriaren aurrean maitasuna, laguntasuna, dela dugun armarik indartsuena.