argia.eus
INPRIMATU
Kolpisten xantaia ekonomikoak
  • Zuzenean ari gara jarraitzen sistema politiko kapitalista eta kolpista baten saiakera, Venezuela ekonomikoki geldiarazi eta miseria, gosea eta konfrontazio zibila sortzeko, modu horretan haien esklabo bat boterean jartzea justifikatzeko.

Juan Mari Arregi 2019ko otsailaren 13a

Sistema hori AEBetako presidente Trumpek gidatzen du. Venezuelari finantza-blokeoa ezarri dio eta “behin-behineko presidente” bat auto-izendatzea agindu du, hautestontzietatik igaro gabe, Maduro presidente legitimoa kanporatzeko. Kolpea zuritzeko, bere inguruko gobernuei eskatu die babestu dezatela. Hala, eskuineko gobernuen baiezkoaz gain, Europar Batasuneko (EB) gobernu sozialdemokrata gehienena ere jaso du, baita Espainiako Sánchezen gobernuarena eta EAEko Urkullurena ere.

EBk dio giza eskubideen alde egiten duela, eta Venezuelatik bi milioi erbesteratu irten direla gosearen eta miseriaren ondorioz. Aldiz, erbestera bost milioi palestinar joan badira ere, Israel babesten segitzen du. Giza eskubideengatik hain kezkatuta dagoen EB horrek, GKE-en itsasontziei Mediterraneotik irtetea debekatu die migratzaileen bizitzak salbatzeko. Eta migrazio hori eragozteko hesiak ere jaso ditu, Saudi Arabiarekin lehentasunezko akordioak sinatu eta herrialde hartara armak esportatzen dituen bitartean, gero Yemenen erabili ditzaten.

Garbi dago, Venezuelaren kontrako erasoaldiak ez du zerikusirik venezuelarrak pobreziatik ateratzearekin. Erasoaldi hori hasi dute Venezuelan dagoen sistema politiko eta ekonomikoa, Trumpen –eta bere sateliteen– kapitalismo neoliberalaren guztiz kontrakoa delako. Eta bidenabar, petrolioa duelako. Ez dute zalantzarik izango militarki esku hartzeko. Lehenik ekonomikoki itoko dute herrialdea, gero esku hartu. Hori bai, ohiko fronte mediatikoaren laguntzaz.