argia.eus
INPRIMATU
Al-Andaluseko emir eta kalifa baskoiak
  • Milagro (Nafarroa), 860. Kordobako emir Muhammad I ibn Abd ar-Rahmanen erasoaldi batean, Gartzea Enekoez Iruñeko bigarren erregearen seme Orti eta biloba Oneka atzeman zituzten, eta Al Andaluseko hiriburura eraman.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko otsailaren 13a
‘Abd ar-rahman III.a eta bere gortea’, Dionisio Baixeras, 1885. Kordobako lehen kalifaren birramona, amona eta ama baskoiak izan ziren.

20 urtez bahituta izan ondoren itzuliko ziren Iruñera; Orti I.a Gartzez errege izendatuko zuten aita hil zenean eta Oneka Azeari Antso Larraungoa lehengusuarekin ezkonduko zen bigarrenez. Baina ez zituzten giltzapean gatibu izan; errege leinuari zegozkion era handiak izan zituzten Kordobako gortean eta emirerriko agintariarekin harreman adeitsu eta estuak izan zituzten. Batez ere Onekak, emirraren seme eta oinordeko Abd Allahrekin ezkondu baitzen lehenengo aldiz. Baina ez zen emirraren familian odol baskoia sartzen lehena izan. Beti ere Ibn Hayyan, Al-Udri eta garaiko beste kronikari batzuen arabera, Abd Allahren ama ere baskoia zen.

Onekak eta Abd Allah I.ak hiru seme-alaba izan zituzten. Muhammad II.a semea izango zen hurrengo emirra eta hark ere emakume baskoia hartuko zuen emaztetzat: Muzna.

Muhammad eta Muznaren seme Abd ar-Rahman III.ak bere burua kalifa izendatu zuen eta Kordoba Mendabaldeko Kaliferriaren hiriburu bihurtu. Bilakaera hura justifikatzeko, omeiatarren oinordeko zela argudiatu zuen, Mahomaren oinordeko, beraz. Baina baskoien seme, biloba eta birbiloba izaki, baskoietik gehiago zuen arabiarretik baino. Ibn Hayyanek jaso zuenez, Al-Andaluseko lehen kalifa ilegorria zen, azal zurikoa eta begi urdina, eta ilea hennaz tindatzen omen zuen itxura arabiarragoa izateko.
Eta hala ere, Maryam baskoiarekin ezkondu zen. Haien seme Alhaken II.ak ere Subh izeneko esklabo baskoia hartu zuen haremean. Atal honetan bertan jaso genuenez (ARGIA, 2508. zenbakia), Subhek Hisham kalifaren ama izateaz gain, benetako botere politikoa lortu zuen, hasieran Almanzorrekin batera eta, ondoren, haren aurka jardunez.

Almanzorren seme Abd ar-Rahmanek ez zuen lortuko kalifa tituluari eustea, 1009. urtean hil baitzuten. Kaliferria Taifen erresumetan zatituko zen orduan. Baina ezetz asmatu Abd ar-Rahmanen ama Abda nongoa zen? Baskoia, jakina. Gartzea Santxez II.a Ikaratia Iruñeko erregearen arreba zen, Antso Nagusiaren izeba, beraz, eta sorterrian Urraka esaten zioten.