Beldurrezko zineman maiz errepikatzen den pasarte batean, pertsonaia nagusiek zonbien –edo banpiroen edo gizotsoen– eraso baten aitzinean froga ezin argiagoak dituzten arren, hildakoak nola berpiztu diren eta beren lagun bat zonbi bihurtu ikusi arren, gelatik kanpo aldetik –gela batean baitira, ezin ihes eginez– atean pilatuta sartu nahian dabiltzan ez-hildakoen gose intziriak bertzerik aditzen ez duten arren eta oraindik bizirik daudenak auskalo norena den odoletan blai dauden arren, pertsonaia batek –ez pertsonaia nagusiak normalean, pertsonaia irri-emangarri batek baizik– zera erraten du: baina, baina, zonbiak ez baitira existitzen! Egia ofiziala ozenki adierazteak errealitatea ukatzeko balio balu bezala, teoriak inolako zalantzarik gabe ikusten ari garen hori ezabatzeko ahalmena balu bezala.
Beldurraren mundutik mugitu gabe, Espainiako Gobernuak propagandarako duen España Global idazkaritzaren bidez bideo bat prestatu du, Espainia paradisu bat dela azaltzeko, dibertsitatearen lurraldea. Azaldu beharra baitzegoen, antza. Altsasuko gazteak kartzelan dauden arren, Gara hesteko trikimailu zikina begi aitzinean dugun arren, Katalunian polizia bozkatu nahi zuen jendea gupidagabe jipoitzen ikusi dugun arren, txiolariak eta abeslariak espetxean edo erbestean dauden arren, preso politikoak badiren arren, herritarrei monarkia nahi ote duten edo bederen monarkiaz zer iritzi duten galdegiten ez zaien arren, Espainiako banderarekin bromarik eta ereserkiari txisturik ezin egin den arren, pertsonaia batzuek –naski ongi ordaindutako pertsonaiek– zera erran dute: baina, baina, Espainia askatasunaren herrialdea baita! Freedom Housek ehunetik 94 puntu eman dizkio inkesta batean!
Mundu honetan zonbirik ez da. Hori sinetsi eta ihes egiten saiatzen dena izanen da hurrengo biktima.