Irakurketa gozagarria izan da, enetzat ere, Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa! Fikzioaren eta errealitatearen txirikordatze ederra obratzen du idazleak, batzuetan Imanol Lurgain, Imanol Lartzabal (1947-2004) bera dela eta besteetan eredutik urrun agertzen zaigula, errealitatearen konkrezio gisa. Imanolena, egiaz, pertsonaia egokia da, 60-90 hamarkadetan euskal jendarteak bizitu zuen bilakaera politikoaren islatzeko: ETAren alde izatetik ETAren kontra azaltzera iragaten zela, bereziki Yoyes-en (Arakis, eleberrian) hilketatik lekora, baina ez bakarrik.
Arazo bat bada hala ere, fikzioan bezain errealitatean. Ematen du Imanolek bere bukaera hitsa nolabait berak bilatu zuela, matxista zabarra, afrantsesatua edo beldurraren aurka altxatu zelako. Uste dut merezi duela, gaur, oroitzeak Imanolek jasan boikota, ezker abertzalegotik antolatu zela eta baztertze deiak publiko egin zirela, petizio orrialdeetan lerrokatzen baitira, zurian beltz, kantari, bertsolari eta kontzertu muntatzaile elkarteen izenak. Nobelan, errelatoa nork egiten duen, euskal gizarte horren (gure?) ardura kolektiboa garbitzen da, poeta kaxkarra bere hubris-aren biktima izan zela ondorioztatzen utziz.