Languedoc (Okzitania), 1184. Inkisizioa sortu zen, kataroen heresiaren aurka egiteko. Handik Europako beste herrialde batzuetara zabaldu zen, bestelako “heretikoen” aurka ere egiteko.
Bekatariak sutan erretzeko joera, aldiz, Gregorio IX.a aita santuak bultzatu zuen handik mende erdira, alemaniar tradizioan oinarrituta. Eta, hala ere, espainiar Inkisizioa bihurtu zen erakundearen paradigma, beste herrialde batzuetan baino askoz gehiago iraun zuelako; Aragoiko Erresuman 1249an abiatu zuen jarduna, baina ofizialki 1478an sortu zen, Gaztelarekin bat egitean. Eta 1821. urtera arte ez zuten bertan behera utziko.
Zaila da jakiten Espainiar Inkisizioaren biktima kopurua. 1822an, Inkisizioko idazkari orokorra izandako Juan Antonio Llorentek datu hauek eman zituen: erakundeak 341.021 pertsona auzipetu zituen 1478tik aurrera, eta horietatik 31.912 sutan erre. Baina historialari gehienak bat datoz zenbaki horiek puztuta daudela esatean, eta mitoa eta errealitatea bereizteko ahaleginean. Mito zabalduenetakoa, hain zuzen, suarena da, eta Atlantikoaz bestalderaino iritsi zen. Inork gutxik jartzen du zalantzan, XVII. mendearen amaieran Salemeko (AEBak) “sorginak” sutan erreta hil zituztela; bada, urkatu egin zituzten. Espainiar Inkisizioak kondenatutako gehienak ere urkatuta eta beste metodo batzuk erabiliz hil omen zituzten.
XIX. mendean egindako beste estimazio baten arabera, Inkisizio Santuak aktibitate handien izan zuen garaian, 1480 eta 1530 urteen artean –Torquemadaren aginte garaian, gutxi gorabehera–, hildakoak 10.000 inguru izan ziren. Henry Kamen hispanistaren iritziz, matematikoki ezinezkoa da hori, garai hartako Gaztelako populazioa kontuan hartuta; erresumako ekonomiaren erabateko porrota eragingo zukeen horrek. Joseph Perez historialariaren arabera, 350 urtetan erakundeak 125.000 pertsona auzipetu zituen. Gustav Henningsen-ek kalkulatu du, horietatik %3,5 kondenatu zituztela heriotzara eta erdia baino gutxiago erre zituztela sutan. Hortaz, zenbaki biribiletan, Espainiar Inkisizioak 4.500-5.000 pertsona kondenatu zituen heriotzara eta horietatik 2.000 inguru hil zituzten erreta. Epaia jaso baino lehen, torturapean edo baldintza kaskarren eraginez, zenbat hil ziren jakitea ezinezkoa da, ordea.
Azterketa errebisionista horien helburua ez baita erakundearen jarduna zuritzea. Zenbakiak zenbaki eta metodoak metodo, espainiar Inkisizioa errepresio eta kontrol organo odoltsu eta krudela izan zen, milaka hildako eta askoz bidegabekeria gehiago eragin zituena.