argia.eus
INPRIMATU
Maravillas, harri bat EH Bilduren zapatan
Itziar Bardaji Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 29a

Aldaketaren legealdia amaitzen ari da. Iruñean, gaztetxearen erronkaren kronologiak Geroa Bairen bildots mozorrodun otso izaeraz eta EH Bilduren kontraesanez hausnartzeko balio digu.

2016an, Geroa Baik bi gaztetxe hustutzea lortu zuen EH Bildu presionatuz. Maravillasen, desalojo kautelarraren saiakerak huts egin eta gero eta hauteskundeak hurbilegi ikusirik, Geroa Baik legez kanpoko hustutzea burutzea aukeratzen du, segurtasunaren auzia bigarren aldiz modu faltsuan erabiliz eta indarkeri polizialaren irudien konplexurik gabe. Barcina estilora eraikina eraitsi ezin duenez, Uxue Barkosek gaztetxea barnetik birrintzen du.

Bi astez Joseba Asiron mahai baten azpian ezkutatzen da eta ozta-ozta esaten du neurrigabeko okupazio polizialaren inguruko hitz pare bat. EH Bilduk beste amore -emate bat nahi du. Ahaztu nahi du autogestioa ez dela marko legalean sartzen eta ez du ikusi nahi Geroa Baik egiten duena. AHTren gola sartu diote, eta Unzu makro ostatuarena ere bai. “UPN okerrago da” mantrari heltzen zaio, Geroa Bairi marra gorririk jarri gabe.

Eta nik ez dakit nondik aterako dudan bozkatzera joateko motibazioa.