Groenlandia, 982. Erik Thorvaldsson (950-1003), Erik Gorria ezizenez ezagunagoa, munduko uharterik handienera iritsi zen.
Esploratzaile eta merkatari norvegiarrak urte batzuk lehenago utzi zuen sorterria, hilketa bat leporatzen ziotelako ihes eginda, eta Islandiara iritsi zen. Han ere hainbat delitu leporatu zizkioten eta hiru urteko erbestealdiaz zigortu zuten. Orduan iritsi omen zen Groenlandiako kostaldera, beti ere Islandiarren Sagen arabera.
Zigorra beteta, lurralde berri hura kokaleku egokia izan zitekeela zabaldu zuen eta 986an 14 ontzi iritsi ziren uhartera, bertan bizitzeko asmoz. Erik Gorriaren Sagak dioenez, “udan, aurkitu berri zuen lurraldera joan zen Erik. Groenlandia deitu zion, izena lagungarria izango zelako jendea erakartzeko”. Grønland hitzak “lurralde berdea” esan nahi du eta, hala, lur emankorrak eta klima mesedegarria iradoki zizkien errekrutatu zituen gizon-emakumeei. Izen horrekin, Islandia (“Izotzaren Lurraldea”) baino askoz hobea izango zela pentsatu zuten askok. Egun, hainbat historialarik iruzurtzat eta nolabaiteko publizitate engainagarritzat jotzen dute Eriken jokaldia.
Dena den hori baino lehenago, uhartearen mendebaldea inuitek populatua zegoen eta haiek Kalaallit Nunaat edo Kalaalliten Lurraldea esaten zioten –kalaallitak Groelandiako inuiten talderik handiena dira–. Gainera, Erik ez zen izan Groenlandiara iritsi zen lehen eskandinaviarra ere. Tradizioaren arabera, mende bat lehenago, Gunnbjörn Ulfsson-ek zapaldu omen zuen lurraldea eta Gunnbjarnarsker deitu zion. Ondoren, Snaebjörn Galti saiatu zen bertan giza kokaleku bat abiarazten, baina saiakerak porrot egin zuen garaiko erregistroen arabera. Beharbada, ez zuelako asmatu kanpaina eraginkorra egiten, gerora Erikek egingo zuen bezala.
Pentsatzekoa da, 986. urtean 14 ontziak hara iristean konturatuko zirela Erik Gorriak berdez apaindutako lurralde hura izotzaren eta elurraren zuriak hartuta zegoela.
Baina PNAS aldizkari zientifikoak argitaratu berri duenez, Groenlandiako izotzak orain arte uste baino askoz bizkorrago urtzen ari dira, 2003an baino lau aldiz azkarrago. Zoritxarrez, klima aldaketak Erik Gorriaren iruzurra egi bihurtu du.