argia.eus
INPRIMATU
XVI. mendeko emakumeen musika taldea
  • Ferrarako dukerria (egungo Italia), 1580. Alfontso II.a Ferrarako dukeak lau emakumez osatutako musika taldea osatu zuen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko urtarrilaren 22a
‘Hiru emakume gazte musika egiten bufoi batekin’, XVI. mendeko lan anonimoa
‘Hiru emakume gazte musika egiten bufoi batekin’, XVI. mendeko lan anonimoa

Ferrarako gortea prestigiodun musika gunea zen ordurako, hainbat gortesau musikazalek beste noble batzuentzat jotzeko ohitura errotuta baitzegoen bertan, musica riservata izenekoaren testuinguruan. Taldeak Concerto Delle Donne (emakumeen kontzertua) zuen izena, Livia d’Arco, Anna Guarini, Laura Peverara eta Tarquinia Molzak osatu zuten eta 1597. urtea bitartean jardun zuten. Garaiko musika kritikariek laukotearen lana goraipatu zuten eta, hala, haien ospea ez zen gortera mugatu.

Emakumeei publikoan musika kantatu eta jotzeagatik ordaintzea, emakumezko musikari profesionalak izatea, alegia, ez zen ohikoa garai hartan eta, eskandalua leuntzeko, dukeak hainbat neurri hartu behar izan zituen: taldekideak ez zituen soilik beren dohainengatik aukeratu; lauak behe nobleziako kideak ziren. Nesken doteak gizendu zituen lehenik, eta maila berriarekin bat zetozen beste lau noblerekin ezkontarazi zituen. Eta gortean jotzen hasi baino lehen, beste zeregin bat eman zien: ofizialki, dukesaren konpainiako dama izendatu zituen.

Ornamentazio oparoa eta birtuosismoa ziren taldearen ezaugarri nagusiak, eta garaiko konpositoreentzat pieza berriak egiteko inspirazio iturri izan zen. Zenbaiten ustez, Concerto Delle Donne XVI. mende amaierako italiar musika profanoaren gertaera garrantzitsuena izan zen. Madrigal izeneko konposizioen bilakaeran funtsezkoa izan zen eta hala, musika barrokoaren sorrera bultzatu zuen elementuetako bat izan omen zen.

Baina musika estiloan baino gehiago, emakume musikariengan izan zuen eragina laukoteak. Taldearen arrakastaren eraginez, Italiako beste gorte batzuetan ere emakume taldeak sortu zituzten, esaterako, Orsinitarrek Erroman, Gonzagatarrek Mantuan eta Medicitarrek Florentzian. Maria de Medici Frantziako erregina zen orduan eta, horri esker, emakume taldeak Parisko gortean ere sartu ziren. Horrenbestez, XVII. mende hasierako Italian, nahiz eta jatorrizko Concerto Delle Donne hura deseginda egon, emakume musikariei karrera profesionalak izateko aukera zabaldu zitzaien.