Arrasaten jaio eta hazitakoa naiz, ondorioz Oi! mugimenduaren irla iraunkorreko biziraulea izan naiz luzaroan. Bai, nik ere baditut, beste estilo askotako taldeenaz gain, Oi! diskoak etxean eta batzuk kuttunak ditut, baina azkar asetu nintzen koru horiekin, punkaren amorrua akabatzen duten punteoekin eta, kasu askotan, zabaltzen dituzten mezuekin. Beste zerbait behar nuen…
Horregatik gustura hartzen ditut hemen bizi (izan) duten konfort-gunetik irten eta bestelako proposamenak, gero eta askeagoak badira hobe, jorratzeko erabakia hartzen dutenak. Horren adibide da Vietcong 68 post-Bardulia taldea. Laukote honetako kideek ibilbide emankorra dute atzetik eta, besteak beste, Orreaga 778, Kaleko Urdangak eta Neallta Fola proiektuetan ibili dira, eta gaur egun, horietako batzuek, besteak beste, Screamers and Sinners zein Ttun Ttun Brigaden dihardute.
Pepino abeslariak askotan erakutsi du kortseetatik aldentzeko gogoa eta hala egin zuen, esaterako, Achtung proiektu amorratuarekin. Oraingoan, erabat irekia den Karlote gitarra jotzailea egin du bidelagun. Bien artean eman diote forma, Moto eta Ekaitzekin batera, dagoeneko bi disko kaleratu dituen Vietcong 68ri. Nahiz eta taldekideak Hernani, Bergara, Aretxabaleta eta Azkoitiakoak izan, ez dira askotan elkartzen, eta ondorioz zuzeneko gutxi ematen dute.
Behin Oi!-aren patroi estuetatik aterata sudur puntan jartzen zaiena idatzi eta abestea erabaki zuten, ahal izanez gero probokatzeko bokazioaz, jakina. Zortzi abestiz osatutako biniloan Ilegales handien lehen laneko Yo soy quien espía los juegos de los niños bertsionatzen dute eta horrekin jada irabazi banaute ere, bada mami gehiago: punk-rock amorratuarekin ezkontzen den rock-and-roll baziloia (Generosa); Guidaren tankerako rock kaletarra uztartzen (No a la democracia); Oi! leloei eusten dion arroz-soroetako punk-rocka; Fiachras-en arrastoa uzten duen Generosa II balada rockeroa; Tangocracia punk-rock-and-roll azkarra; Discipulos eta Oi! musika batzen dituen En el delta del Mekong; eta Ilegales-en legatua post-punk ilunarekin batzen duen Yo soy el niño autobiografia ederra.