argia.eus
INPRIMATU
Urte berrirako asmo onak
Irati Labaien Egiguren @iratilabaien 2019ko urtarrilaren 16a

Desio onez hasi ohi dugu urte berria. Hiru urte pasa dira Nazio Batuen Erakundeak (NBE) sustatutako Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) martxan jarri zirenetik, eta ingurumenarekiko enpatiazko begiradaz has gintezke. 2015eko irailean, ia 200 herrialdek hainbat jendarteren garapena bultzatzeko akordioa onetsi zuten. GIH horiek 2000-2015 urte bitartean lortu nahi izan ziren eta zalantzazko emaitza izan zuten Milurteko Garapen Helburu-en ikusmira zabaldu nahi izan zuten. Orotara, 2015ean, hamazazpi helburu zehaztu ziren eta helburu nagusi hauen pean, berriz, 169 jomuga deiturikoak. Zerrenda luze horrek, pobreziaren kontzeptuak beregain dituen hamaika dimentsio barneratzeaz gain, ingurumenaren zaintzarekin eta desberdintasunen gutxitzearekin loturiko bestelako esparruak ere jorratu zituen.

Egingarriak ez diren helburu gehiegi dira askoren ustez, eta alboratu ezin daitezkeen jendarte desberdinen eta izadiaren arazoen konplexutasuna islatzen duen zerrenda da beste batzuentzat. Nolanahi ere, jarraitzaile eta kontrakoen hausnarketen artean, badira amankomunak: alde batetik, maiz erabilitako ipar-hego sailkapena eten nahian datoz, hots, lehen aldiz, garapena herrialde ororen ardura dela nabarmendu dute eta ez “lurralde azpigaratu” deitu izan zaien horien betebehar soila; bestalde, helburuen artean ez da hierarkiarik zehaztu, nolabait, xede bakoitzaren garrantzia gorde nahi izan dela atzeman daiteke. Ezaugarri hauek ez dira oharkabean pasa, eta idatzizko testua bakarrik bada ere, ikuspuntu berritzailetzat jo ditu alor hauetan diharduen askok.

NBE-ko GIH-ak ez dira lotesleak, beraz, eragile bakoitzaren baitan dago hauek aplikatu nahi izatea. Askori harrigarria iruditu zaigu jendarte
orori eragiten dioten garrantzizko gai hauen aplikazioa hautazkoa izatea

Halarik ere, eta puntu berritzaileak ukatu gabe, bada eszeptikoen artean indarrez sartu den kritikarik ere. Helburuen zehaztasun falta da horietako bat. Hau da, helburuek ez dituzte hainbatetan hauek lortu ahal izateko bideak zehaztu. Zeintzuk dira, esaterako, ingurumena urratu gabe ekonomia suspertzeko aktibatuko diren neurri eraldatzaileak? Are gehiago, aliantza globalen beharraz ari garenean, zeinentzat eta zertarako nahi ditugu? Ideia zabalegiak definitzearen arriskuetako bat, nazioartean zein tokiko eremuetan botere gehien duten eragileak helburu hauek euren erara moldatzea da, gehiengoak dituen beharrei erreparatu gabe.

Aipagarria da baita ere, GIHen finantzaketarako bide eta aukerak zehazteko goi-bilera egin zela Etiopiako Addis Abbeba hiriburuan. Bertan, gizarte zibileko hainbat erakundek nazioarteko enpresa handiei zerga-sistema arautzearen garrantzia plazaratu zuten beste eskaera askoren artean, pobrezia eta desberdintasunen erroko arazoa sistemikoa zela aldarrikatuz. Jakina da, eskaera hauei Europako eta AEBetako hainbat herrialdek trabak jarri dizkietela, eraldaketaren zailtasuna adieraziz.

Gainera, GIHak ez dira lotesleak, eta beraz, eragile bakoitzaren baitan dago hauek aplikatu nahi izatea, eta aplikatuz gero, baita interpretatzea eta ebaluatzea ere. Askori zinez harrigarria iruditu zaigu jendarte orori eragiten dioten garrantzizko gai hauen aplikazioa hautazkoa izatea.

Aurreko lerroetan zehaztutako mugez gain, beste hamaika traba ere azaleratu dira azken urteotan, konplexutasun handiko gaiei aurre egiteak berekin dakartzanak ziurrenik ere. Baina inperfekzio horiekin batera, zenbait gauza asmatu egin da, eta babes handia lortu dutela ere ezin uka daiteke. Horren isla dira munduko leku anitzetan martxan jarri diren ekimenak. Gurean ere makina bat lagun ari da helburu hauek gure errealitatera atxiki ahal izateko bidea egiten; azken batean, helburu hauen interpretazioa nazioarteko enpresa handien eskuetan uztea baino hobe izango da guk gure egitea, gehiengoaren mesederako.