argia.eus
INPRIMATU
“Hokoke, hokoke”
  • Hokoke, hokoke. Damun fi oroke. Lan hansaha lau adamuni. Esan nahi du, “nire eskubideak zainetan dudan odola dira. Ez naiz haietaz ahaztuko hiltzen banaute ere”. Arabiarrezko oihu hori ari gara entzuten, ez Almeriako El Ejidoko negutegietan, baizik eta Euskal Herriaren bihotzean, Nafarroan. Ez dirudi arazoa konpontzeko bidean dagoenik eta laugarren astez greban daude Azkoiengo Huerta de Peraltako langileak –denak etorkin marokoarrak, enpresako arduradunak salbu–. 150 pertsonako lantaldea da eta negutegietan letxugak eta barazkiak jasotzen dituzte, bertakoek jadanik ez baitute halako lanik egin nahi. Kaleratuak izan ziren enpresa batzordeko lau kide berriz hartzeko eskatzen dute eta hitzarmena ez betetzeagatik enpresak zor dien 440.000 euroak itzultzeko.

Juan Mari Arregi 2019ko urtarrilaren 15

Garrantzitsua da borroka hau, etorkinak baitira beren eskubideak defendatzen dituztenak eta negutegien negozioan sasi-esklabotzan bizi diren beste milaka etorkinentzat eredu izan baitaiteke. Greba honen bilakaera urrats handia izan da –grebalarien manifestazioak eta haiekiko elkartasun adierazpenak–, langile errebindikatzaileenen kontra lurjabe handiek egindako abusuak geldiarazteko eta injustizia eta prekarietatea beste negutegi batzuetara ez zabaltzeko. Etorkinen eta bertakoen artean sortzen ari den elkartasuna ere nabarmentzeko modukoa da: “Bertako edo kanpoko, denok langile klaseko” eta antzeko oihuak entzun ditugu, eta borrokari eusteko erresistentzia kutxa antolatu dute.

Nafarroako Gobernuak ez luke foru poliziaren errepresioarekin erantzun behar, alderantziz, bitartekari lanak egin beharko lituzke, entsaladarako zorroak produzitzen dituen Huerta de Peralta enpresak laguntza publiko handiak jasotzen baititu. Hokoke, hokoke!