Ponpeia, K.o 79. Vesuvio sumendiak botatako errautsek Erromatar Inperioko hiri hartako bizimoduaren xehetasunak gorde zituen, baita desberdinkeria sozial eta ekonomikoen aztarnak ere.
Beste arkeologia gune zaharrago eta berriago batzuetan arrastoak hain ondo gorde ez diren arren, Michael E. Smith eta Timothy Kohler arkeologo estatubatuarrek Ponpeia eta beste 62 aztarnategi aztertu dituzte, komunitate horietan ondasunen banaketa nolakoa zen ondorioztatzeko eta Ten Thousand years of Inequality liburuan bildu dituzte emaitzak.
Horretarako etxebizitzen tamaina hartu dute oinarri. Berez, estatus ekonomikoa neurtzeko irizpide hori erabiltzea ez da oso berritzailea, baina azterketaren egileek antzinako 63 komunitate horietako bakoitzaren Giniren koefizientea kalkulatzeko erabili dute. Corrado Gini estatistikari italiarrak 1912an sortua, ondasun banaketaren desparekotasuna neurtzeko erabiltzen da datu hori, 0tik 1era doazen balioen bidez: 0 erabateko berdintasuna da eta 1, aldiz, ondasunen erabateko kontzentrazioa gutxieneko aberatsenaren eskutan.
Arkeologoek aztertutako aztarnategirik zaharrena Jerf el Ahmar da (egungo Siria), duela 11.200 urtekoa. Giniren koefizientea 0,12koa zen Eufrates ibaiaren ertzeko herrixkan. Ponpeian, aldiz, 0,54ra igo zen duela ia 2.000 urte. Eta 2016an AEBen koefizientea 0,81ekoa zen. Ondorioa garbia da: denborak aurrera egin ahala, ondasunen banaketan dagoen berdintasunik eza geroz eta nabarmenagoa da.
Hala ere, Smith eta Kohlerrek osatutako grafikoan, goranzko joera duen marra horrek gorabeherak ditu. Esaterako, Egiptoko Kahunen, duela 4.700 urte, desparekotasuna 0,68koa zen, Ponpeiakoa baino handiagoa, eta K.o. 300. urte inguruan Teotihuacanen (Mexiko) 0,12raino egin zuen behera. Mexikon bertan, Tenochtitlanen, Giniren koefizientea 0,30koa zen oraindik europar konkistatzaileak iritsi zirenean. Handik aurrera, igoera nabarmena izan zen. Hortaz, ondasunen kontzentrazioa geroz eta handiagoa ez da soilik denbora kontua izan. Ikerlarien arabera, “gizarte bat teknologikoki zenbat eta aurreratuagoa egon, ondasunak orduan eta kontzentratuago daude”. Alegia, teknologiak banaketa bidegabea eragiten duela.
Kontua da NBEren arabera 0,40tik gorako koefizienteak larriak direla “gizarteak nekez egin diezaiokeelako aurre aberatsen eta pobreen arteko halako polarizazioari”, eta milaka urte batzuk badirela marra gorri hori gainditu dela.