argia.eus
INPRIMATU
Sareak eta deskolokeak
June Fernández 2019ko urtarrilaren 08a

Asteak eman ditut ARGIAren mendeurrena dela eta zer idatzi pentsatzen. Egundoko erronka iruditzen zait, nahiz eta Mikel Asurmendik –kolaboratzen daramatzadan bost urte hauetan nire editore estimatua– beti egiten dudana egin dezadala aholkatu izan. Bitartean, nire urtebetetzea ospatu dut eta puntua egiteko kit bat oparitu dit bikotekideak. Bi jostorratz luze eta gorri, artilezko hiru haril koloretsu, eta gida azkar bat.

Txikia nintzenean amama Otiliak trikotatzen irakatsi zidan. Barbie panpina janzteko lauki bat egitea baino ez nuen lortu, baina tira, oroitzapen hori grabatuta geratu zait. Hala ere, 34 urte bete arte ez naiz nostalgiatik ekintzara pasa. Amamak dagoeneko ez du punturik egiten. Youtuber batekin berrikasi dut, hipster gehienek bezalaxe.

Ehuntzeak ideien eta emozioen jarioa errazten duela diote. Trakeski puntua egiten nenbilen ARGIAren ehungarren urtebetetzerako ehuntzeari buruz idaztea okurritu zitzaidanean. Emakumeen ondare preziatu bat –ehungintza kultura, zientzia, ekonomia eta zaintza baita– galtzen ari da, baita emakumeen topagune baliotsu bat ere. Emakumeak ehuntzeko elkartzen direnean bere saminez eta pozez barra-barra hitz egiten dute. Hala ere, maiz entzun diot feministaren bati adineko emakume talde soziokulturalei erdeinuz “las del macramé” deitzen. Jostea politikoa ez balitz bezala, emakumeen elkartasun eta zaintza sareak baliotsuak ez balira bezala.

Baina artikulu hau mentalki idazten nenbilela, folio txuriaren beldurrez, Twitterren sartu eta niri zuzendutako bi txiok kezkatu eta gogaitu ninduten. Lehenengoa, ezagutzen ez dudan emakume batena: “Barkatu, baina ez dut ulertzen zergatik moderatuko duzun haurdunaldi subrogatuaren erregulazioari buruzko mahai-inguru bat”.

Maiz entzun diot feministaren bati adineko emakume talde soziokulturalei erdeinuz
“las del macramé” deitzen.
Jostea politikoa ez balitz bezala, emakumeen elkartasun eta zaintza sareak baliotsuak
ez balira bezala

A ze bekatua, momentuko eztabaida sozial konplexu bati buruzko solasaldi bat moderatzea! Bigarrena, eragin handiko feminista batena, Pikara magazinaren Miss Universo lehiaketan emakume transen parte-hartzeari buruzko erreportaje baten harira: “Harritu eta deskolokatu nau espazio misogino eta mafioso baten justifikazioak”. Hara, txiolari honentzat ere gai bati buruz debatitzeak gai hori legitimatzea dakar!

La Marea egunkariaren txosten bat irakurri berri nuen egun hartan: Ñabarduren premia. Sare sozialek iritzi publikoaren polarizazioan izan duten ardura aztertzen du. Eta irakurleen sostenguan oinarritzen diren medioek autozentsurara jo ahal dutela euren harpidedunak galtzearen beldurrez. Pikara-n arrisku hori ondo ezagutzen dugu, esaterako aktore porno bati elkarrizketa egin nionean, prostituzioaren abolizioaren defendatzaile askok gure aldizkariari boikot egitera deitu zuten. “Ez zaitezte inoiz adostasun osoz irakurtzen duzuen hedabide batez fidatu, kazetaritzaz mozorrotutako panfleto bat izango baita”, erantzun zuen Andrea Momoitiok orduan. Ez da kazetaritzaren lana irakurleak kontentatzea, pentsaera kritikoa sustatzea baizik.   

Zenbat presio, haserre eta krisiri eutsi izan dio 100 urtez Zeruko Argia izen kristauarekin jaiotako aldizkari honek? Zenbat harpide galdu ditu pauso ausart edo deseroso bat eman duen bakoitzean? Eta zenbat irabazi?

Harrigarria eta deskolokantea da 1919. urtean Kaputxinoek sortutako aldizkari bat egun Euskal Herrian mugimendu sozialekin estu lan egiten duen hedabide profeminista izatea.

Harritua eta deskolokatua dagoela badio irakurle batek, kazetariok lan egokia egiten dugunaren seinale.

Beste ehun urtez harritu eta deskolokatu gaitzan opa diot ARGIAri!