argia.eus
INPRIMATU
Olatu berria dator
  • Garesetik Gasteizera eramango gaitu 21. Korrikak 2019an, apirilaren 4an hasi eta 14ra bitartean. Honetarako Klika lema aukeratu du Korrikaren antolatzaile den AEK-k.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2019ko urtarrilaren 08a

Klika egitera gonbidatuko gaituzte, aukera bat hartzera, euskararen hautua egitera. Konpromisoa eta akzioa hitzak erabili dituzte, eta hitzok irakurrita azaroaren 23ra egin dugu atzera, Euskaraldi betera. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala deitu zaio Euskaraldiari. Hamaika eguneko ekinaldiak inertziak apurtzea eskatzen zuen, eta horretarako norberak bere buruarekin konpromisoak zehaztea eskatzen zuen. Beti –ahal zen denetan– euskaraz aritzeko erronkari eutsi eta uneoro “klika” egin, euskararen aldeko hautua egin. Konpromisoa eta akzioa.

Atzeraka beste jauzi bat eginez, Euskaraldiak 19. Korrikara garamatza, Lorea Agirrek azken egunean irakurri zuen mezu hartara. “Ahaldunduko al gara?”, galdetzen zuen orduko hartan Agirrek. Euskaraldian behin baino gehiagotan entzun dugu 19. Korrikako lema: “Euskahaldun!”. Ariketa kolektiboa izanik eta txapa bidez elkar identifikatuz parte-hartzaileek akziorako babesa sentitu dutela aitortu dute, eta babesarekin batera norbera ahalduntzeko aukera. Udaberrian badator milaka herritarren beste olatu bat eta izan dadila Klika egitea euskaraz ahalduntzea.