argia.eus
INPRIMATU
Migrazioa erdigunean
  • “Migratzaileen urtea izan da 2018, eta bide horretan doa 2019a ere. Baina ez guri lana “kentzera” migratzaile oldea datorrelako, batzuek saldu nahi diguten moduan, Europan migrazio politika gero eta gogorragoak eta diskurtso gero eta xenofoboagoak zabaltzen ari direlako baizik. Eta hauteskundeen urtea izanik, gertuago eta ozenago entzungo ditugulakoan nago.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko urtarrilaren 08a

Etekin politikoa bilatzen duten mezu interesatuek, dagoeneko ezagunak zaizkigun horiek, lekua egin dute gure gizarte prekarizatuan, legitimitatea lortzen ari dira iritzi publikoan, eta sortzen ari garen harresi mentalak ondoren harresi fisiko bilakatzen dira. Ez alferrik, migrazioa gelditzea helburu bakar duten 1.000 kilometro harresi altxatu ditu urteotan Europak –Berlingo horma ohia halako sei–. Mediterraneoan hiltzen direnak ere ez dira gutxi. Eta sarraskiak berdin jarraituko du, migrazio politika goitik behera aldatu ezean.

Herritar sareak ere borrokan
Aldiz, harresietatik eta politika instituzional eskasetatik urrun, aferari erantzun txalogarria eman diote herritar sareek. Gurera iristen diren migratzaileei, karitatetik harago elkartasuna eta babesa eskaini diete, eta harrera duina eta integrala aldarrikatzeko borrokara batu dira. Horiek dira, adibidez, “Euskal Herria, harrera herria” manifestua atera dutenak, Euskal Herriak etorri direnei besoak beti zabaldu dizkiela gogoratuz; horiek dira datorren urtarrilaren 26an Irunen manifestazioa egingo dutenak, trantsitoan diren pertsonei elkartasuna adierazteko; eta horiek dira maiatzaren 5ean Europako hainbat hiri eta herritan mobilizatuko direnak, giza eskubideen defentsan. “Munduko pertsona guztien bizileku-eskubidea eta zirkulazio askea” eskatuko dute, inor ez baita ilegala, edo inork ez bailuke ilegal izan beharko, zer eta leku jakin batean eta ez bestean jaio delako.