argia.eus
INPRIMATU
Magrisen profezia
Edu Zelaieta Anta 2019ko urtarrilaren 10

Claudio Magrisen Mugak saiakera laburra berriz irakurtzen ari nintzela topo egin dut haren profezia batekin: “Gure etorkizunean mamu baten itzala ageri da: hainbat eta hainbat gizon-emakumeek, oinazeak eta goseak akuilatuta, beren sustraiak, beren mugak bertan utzi eta beste herrietara alde egingo dute, gorrotoa eta beldurra sortaraziz, eta ondorioz hesi gehiago altxaraziko dira (…) halakoa izango da, etorkizun hurbilean, Europaren existentzia edo haren duintasuna behintzat”.

1995ean argitaratu ziren Magrisen arestiko hitzok, Koldo Biguriren itzulpenari esker. Jaioterriko frontiera-tik ari zaigu testuan Triesteko idazlea, eta, bidenabar, Europako fronte(r)ez. Gutako inor gutxik i(ra)garriko zuen Berlingo Harresia erorarazi zen lekuan beste zenbait eraikiko zirela hurrengo hamarkadetan. Datuak, baina, ez gaitu toki onean uzten: hamaika murru omen zeuden zutik Berlingoaren ondotik; 70 baino gehiago omen daude egun. Hauteskundeek ere erretratatzen gaituzte han eta hemen: murru berrien promesek boto-zaku gizenak erakartzen dituzte.

Nietzscheren galdera batekin bukatu zuen saiakera Magrisek: “Non senti naiteke etxean?”.