Dieta egiten hasi eta mehetzeko asmoarekin batera –zera, bihar hasiko naiz–, urtero bezala aurten ere gehiago idazteko eta irakurtzeko asmoa badaukat. Batez ere, zutabe honetako interesei begira, prentsa gehiago irakurtzeko asmoa.
Etxean estatu kolpe bat eman, telebistaz jabetu eta Ur handitan maizago jarri behar dut; eta larunbatetan, ranchera baten letra hondarrekoz ikasi edozein herriko jaixetan. Berria sakonago aztertu, eta ARGIAko blogak sistematikoagoki irakurri; nire bloga enegarrenez berpizten saiatu nahiko nuke, eta otsail aldera, adibidez, zinema kritikari gazte jakin batekin nire adostasun eta miresmen –ez nahitaez hurrenkera horretan– erabatekoak adierazi, zinemari buruzko Telegrameko bere taldean parte hartzera utz diezadan. Euskal Herria ulertzeko, Atopia rol jokoa itsasargitako izateko zin egin diot nire buruari, Diario de Navarra bezain zientzia fikzio gogorra ez izan arren. Xahori buruzko zer edo zer idatziko dut.
Errealitate honetako Espainian zer gertatzen den jakiteko, Europako prentsa irakurtzeko promes egiten dut: iaz, Frantziako prentsari esker jakin nuen Vox alderdi ultraeskuindarra dela; Süddeutsche Zeitung-ek kontatu zidan Espainiakoa dela Europan estimu gutien duen monarkia, eta Neue Zürcher Zeitung-ek azaldu zuen epaileek politikariek ezarritako musikaren arabera egiten dutela dantza. Errealitate paralelo bateko Espainian zer gertatzen den jakiteko, berriz, Espainako hedabideei erne segituko diet: El Españoli esker jakin genuen Voxeko liderra gasolindegi batean gelditu eta Bimbo ogia eta Kinder arrautzak –baina ez normalak, aizue, txokolate zurikoak baizik– erosi zituela. Eta, aldi berean, saiatuko naiz gogoratzen euskaldun guziak ez direla Espainiaren menpe bizi.
Aurten ez dut 1.800 karaktereko muga gaindituko. Tira, hurrengo zutabean.