Baditugu harribitxi preziatuak euskararen komunitatean. Uste baino gehiago ere, baina, oro har, ezagutza eta erabilera mugatukoak.
Horien erakusle dira, adibidez, Txerra Rodriguezek tarteka-marteka aipatu dituen Soziolinguistikaren Top Ten-ak. Bere hitzetan, (Euskal) soziolinguista batek galdu ezin dituen 10 webguneen zerrenda, alegia. Edo lagun horrek berak Garaigoikoa blogean duela hilabete kaleratutako 10 produktu on artikuluan aipatzen dituenak. Harribitxi estimagarri horietako beste adibide bat Booktegi webgunea da (Booktegi.eus), zeina Guztion liburuak, guztientzat azpitituluarekin agertzen den. Interesgarria, oso.
Behar dugun bezainbeste ez diren arren, beste hainbat adibide eder egon badago, baina... Beti dago baina bat.
Gogoan dut unibertsitatean hasi berriak ziren ikasleei galdetu ohi niela Euskalbar aplikazioa ezagutzen ote zuten, beraien idazlanetan makulu ezin egokiagoa izan zitekeelakoan. Nire harridurarako, ezetza nagusitzen zen urtero; askogatik gainera.
"Euskaraldia"-n ahozko erabilera bultzatu dugu. Unea da bestelako aktibazio batzuei ere ekiteko. Besteak beste, euskarazko produktuen eta zerbitzuen hedapenari eta erabilerari
Diagnostikoa argia zen orduan, eta gaur egun ere bera da: produktu eta zerbitzu erabilgarri askoren ezagutza mugatua da. Oso erabilgarri eta lagungarri gerta lekizkigukeen arren, balizko erabiltzaile gehienok ez ditugu dauden aukerak ezagutzen. Egunerokotasunean ditugun erronkei nola erantzun euskaraz, horiek gainditzen lagundu diezaguketen ekipamendu edo tresna berritzaileak euskaraz egonda ere beste hizkuntzetan bakarrik ezagutzen baditugu?
Izan ere, euskarazko produktuen eskaintza sakabanatuta dago, erdarazko eskaintza erraldoiaren zirrikituetan ia-ia galdurik. Oraindik ez dago halakoak ezagutarazten eta bilatzen lagunduko digun gune erreferentzialik, eta harribitxi horiek ezin ditugu ezkutuan luzaroago utzi. Hizkuntzen merkatuan euskaldunok itxuroso eta erakargarri agertzeko gure harribitxiak begi-bistan jarri behar ditugu, oso begi-bistan egon ezean ez baititugu profitatuko.
Euskaldunok gure arteko harremanak trinkotzeko premia dugun bezala, euskarazko produktuen inguruan biltzeko beharra ere badugu. Bide horretatik abiatzeko, euskarazko helduleku (produktu eta zerbitzu) guztiak sistematikoki jasoko dituen aurkibide edo direktorio baten premia dugu, non erraz izango genukeen eskaintza zein aukeren berri. Euskaraldia-n ahozko erabilera bultzatu dugu. Unea da bestelako aktibazio batzuei ere ekiteko. Besteak beste, euskarazko produktuen eta zerbitzuen hedapenari eta erabilerari. Hordagoa jotzeko ordua iritsi da: nork hartuko du bere gain halako zerbitzu bat sortzearen ardura?