Arkumeak jaiotzeko sasoia geroxeago izan ohi da, baina han eta hemen dagoeneko ikusi dut bat edo beste. Axuria jaiotzen denean ardi amak miaztuz-miaztuz soina garbitzen dio; maitatzen duela esaten da. Kumeak, ordea, era guztietakoak etortzen dira, amak ere bai, denetakoak dira eta zenbaitetan amak ez du kumea maitatzen.
Gure lagun batek erabiltzen duen irain politenetakoa bada “amak miaztu gabeko sasiardia”. Hasteko sasiardia zara, ez Latxa edo Karrantzako ardi muturgorrien edo muturbeltzen mailako arraza jasoa; ezta gutxiago ere: sasiardia. Gero, jaiotakoan eta kume-kumea zaren artean erditu eta sortu zaituenak ez zaitu miaztu.
Zenbat horrelako egoera gertatu dira gure historian nekazaritzan eta abeltzantzan. Amaren arraza dena dela, ama da, kumearentzat besterik ez da: ama. Eta amak erditu arterainoko lanak hartzen ditu eta gero... bizkarra ematen dio. Ustezko ama diren teknikariek, ustezko bidegileek, “administrazioek” eta era guztietako jakintsuek nekazaritzaren alor eta soro desberdinetan itxura guztietako proposamenak eta proiektuak diseinatu eta haizatu dituzte, alabak alegia. Izari eta tamaina guztietakoak, diru laguntzen eta tolestura guztietako aterpeen babesaren aitzakian, gehienetan egitasmoaren gezurraren eta erremediorik gabeko morrontzaren jakitun izanik. Makina bat jende gizendu da nekazaritzaren egitasmoetan datorren zaputzaldiaren jakinaren gainean. Ipurdikoa ematea suspertu dute. Amak miaztu gabeko sasiardia. Ardiak izan kulpa eta bildotsak paga, dio esaerak.
Orokorrean gure paisaia osatzen duen nekazaritzan ohikoa bada panorama hori, zer esan azkenaldi honetan barrutik bol-bol eta kanpotik pul-pul ari den pinugintzaren sektoreaz. Ardi asko tototu eta mejoratu da pinugintzaren bilakaeraz. Lur jabeak eta basozaleak egoeraz jabetu direnean berandu da, oso berandu. Izan ere ezkutatu egin baita egoera, zaputzaldiaren musika ozenegia egin den arte. Ardia zintzarri-jole barrenean, atarian elurra biharamunean.
Pinugintzak utzi duen panorama, dagoenerako utzi baitu, ez dago bere alaba miazteko prest ez dagoen amaren esku uzteko moduan. Ardiaren hutsak pagatu bildotsak.